Mutrikuko hondartzak ez dira dinamikoak izango asteburu eta jaiegunetan
Mutrikuko hareatzetan Gipuzkoako gainerako hondartzetarako ezarritako gomendio orokorrak jarraitu beharko dira.
Mutrikuko Udalak jakitera eman duenez, asteburuetan eta jai egunetan Mutrikuko Saturraran, Portuko eta Ondarbeltz hondartzetan ez dute hondartza dinamikoen protokoloa ezarriko. Udal iturriek azpimarratu dutenez, Mutrikuko hareatzetan ere Gipuzkoako gainerako hondartzetarako ezarritako gomendio orokorrak jarraitu beharko dira.
Besteak beste, egokitutako sarrerako eta irteerako seinaleak eta finkatutako edukiera errespetatu beharko dira. Era berean, egonaldi laburragoak antolatzea gomendatu dute; 11:00etatik 20:00etara, gehienez ere, bi edo hiru ordukoak “ahalik-eta jende gehienak hondartzez gozatu ahal izateko”. Eta, gainera, 2 metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da batera bizi ez diren pertsonen zein beraien objektuen artean.
Betiere sorospen zerbitzuen aginduak eta gomendioak errespetatzeko eskatu dute. Aforoa biometria bitartez kontrolatuko da hareatzetan, eta Saturraran, Portuko hondartza eta Ondarbeltzen sarreretan kartel batzuen bidez adieraziko dute muga gainditzen den ala ez. “Gorriz markatzen den momentuan, hondartza itxi egingo da; kartela berdez baldin badago, sartu ahal izango da. Megafonia jarri dugu hiru hondartzetan, eta sorosleen mezuak eta gomendioak jarraitzea eskatzen dugu”. Hondartzen okupazio maila denbora errealean kontsultatu nahi dutenek Nik Hondartzak mugikorrentzako APPa erabili dezakete.