Lekeitioko Euskaraldiko Herri Batzordeak agerraldi publikoa egingo du hilaren 17an
Arigune izatera gonbidatu ditu herriko entitateak, eta haiekin talde argazkia aterako du.
Lekeitioko Herri Batzordea Euskaraldia antolatzen dabil, eta herriko entitateekin harremanetan jarri da, informazioa emateko eta euskarriak helarazteko. Hain zuzen ere, entitate hauengana jo dute: Kittto (Lekeitioko Merkatari elkartea), dendak, tabernak, zerbitzuak, ikastetxeak, jatetxeak, ostatuak, kirol taldeak eta kultur taldeak. Euskaraldian izena ematen dutenekin talde argazkia aterako dute uztailaren 17an, 18:30ean, plazan.
2018. urtearen bukaeran hizkuntza ohituren aldaketan pauso garrantzitsuak eman ziren Euskaraldiaren baitan. Bigarren deialdian, norbanakoek ez ezik, entitateek ere neurriak hartuko dituzte hizkuntza praktika berriak bultzatzeko euren eremuko langile, bazkide edota kideen artean. Horrenbestez, Lekeitioko Herri Batzordeak gogorarazi duenez, alde batetik, norbanakoek ahobizi eta belarriprest gisa eman ahalko dute izena, eta beste alde batetik, entitateek ere parte hartuko dute. Aurtengo ariketa 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra izango da.
Lekeitioko entitateek urrats hauek eman beharko dituzte Euskaraldian arigune izateko: proposamena aztertu eta entitateak parte hartuko duen erabaki eta Arigune izango diren taldeak identifikatu. Barne-ariguneak osatzeko taldeko guztiek gutxienez euskara ulertu behar dute, eta kanpo-ariguneak osatzeko uneoro euskara ulertzen duen pertsona bat egotea bermatu beharko da. Izena irailaren 27rako eman beharko da, Euskaraldia -ren webgunea. “Herriko entitate publikoek eta pribatuek ekimenean parte hartuko duten heinean, zuek ere Euskaraldian parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, elkarrekin hizkuntza ohiturak aldatzeko aurrerapausoak ematen jarraitzeko”, esan dute. Irailean, pertsonen izen-ematea martxan jartzen denean, entitateko langileek edo taldekideek izena emango dute ahobizi edo belarriprest gisa.