Itsasoan pilatzen den zaborrari buruzko kontzientzia piztera etorri da 'Mater' Ondarroara
Eguenera bitartean ontzi museora bisita gidatuak egiteko aukera zabalik dago. Interesa duten herritarrek aldez aurretik hitzordua eskatu beharko dute nahitaez. Bestelako ekintzak egiteko aukera ere badago.
Iritsi da Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa Ondarroako portura. Atzo [uztailak 6] lehorreratu zen garai batean atunontzia izandako egurrezko ontzia, eta etzi [uztailak 9] bitartean, ingurumenagaz lotutako hainbat ekintza didaktiko egiteko aukera egongo da, Zero Zabor Uretan kanpainaren baitan. Kanpainan aurreikusitako jarduerek parte hartzea eta inplikazioa sustatu nahi dute, hondakinak saihesteko alternatibak eskainiz, “horiek itsasora iritsi ez daitezen norbere esku dauden konponbideak ezagutzera emanaz”.
Egin daitezkeen jardueren artean, ontzi museora bisita ekoaktiboa egin daiteke. Gaur [uztailak 7] eguerdian egin duten lehen bisita gidatuan, esaterako, itsasontziaren historiaren eta horren bereizgarrien berri ematen hasi dute bisita, eta ondoren, ontziko tokirik esanguratsuenak ezagutzeko aukera egon da. Popan, besteak beste, joko didaktiko bat egin dute bisitariek. Ababorreko eta istriborreko aldeetan, ostera, hainbat proba zientifiko ere egin dituzte. Ontzi barrura sartu, eta sasoi batean arrain haztegia zegoen tokian mikroplastikoen gaia ere landu dute. Hondar artetik mikroplastikoak atera, eta horiek zerrendatu eta sailkatu behar izan dituzte.
11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara zabalik dago doako bisita gidatuak egiteko aukera. Azpimarratu dutenez, aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da, “COVID-19aren mehatxupean pilaketak saihesteko”. Horretarako interesa dutenek 619 81 42 25 telefono zenbakira deitu edo info@mater.eus helbidera posta elektroniko bat bidali beharko dute.
Ontziaren alboan, eko erakusmahaia ere ikusgai dago egunotan. Itsas hondakinen arazoari eta eguneroko bizimoduan plastikoak dituen alternatibei buruzko informazio erabilgarria erakusgai dago bertan. Kanpainak irauten duen tartean, gainera, portu bakoitzean egiten diren hondakinen garbiketetan jasotako hondakinen Top 10ak ere ikusgai egongo dira.
Bisita gidatuez gain, bestelako ekintzetan parte hartzeko aukera ere badago. Bihar [uztailak 8], esaterako, itsas hondakinen arrantza egingo dute 12:00etatik 14:00etara. Tresneria berezia erabilita urazalean dauden itsas hondakin eta mikroplastikoak harrapatuko dituzte, herritarrak ingurunearen zaintzan inplikatzen dituzten bitartean. Eta etzi [uztailak 9] nabigazio kolaboratiboa ere egingo dute Ondarroa eta Bermeo artean; 16:00etan irtengo du ontziak. Uztailaren 19an eta 20an, aldiz, Mutrikun egongo da, eta han ere ontzi museoa bisitatzeko aukera egongo da.