Euskara oinarri duen herriko mapa berria aurkeztu du Ondarroako Udalak
Gaurkotutako euskarri berria dinamikoa da, eta hondartza, turismo aktiboa egiteko aukerak, herriko ondarea eta zerbitzuak eta turismo jasangarriaren aldeko apustua erakusten ditu, besteak beste.
Aurtengo uda inoiz baino bereziagoa izango da COVID-19ak eragindako egoera dela eta. Horren aurrean, Ondarroako Udalak gertuko turismoari zein atzerritik datorrenari eskaini ahal izateko baliabidea eguneratu nahi izan du, udalerria bisitatzera datozenek informazio gaurkotua eduki dezaten. Mapa gaurkotu berria gaur [uztailak 8] aurkeztu dute, eta hondartza, turismo aktiboa egiteko aukerak, herriko ondarea eta zerbitzuak eta turismo jasangarriaren aldeko apustua erakusten ditu, besteak beste. “Gure herriko produktua jarri nahi dugu balioan, egiteko modua, gertukoa”.
Turismo Bulegoko arduradunek azaldu dutenez, Ondarroako turismo eredua ez dago masifikazioan oinarrituta. “Ondarroa ez da egungo eredu turistikoetan oinarritzen den herria. Hango eta hemengo bisitariak etortzen dira, euskaldunak zein atzerritarrak, eta guztiei arreta gozoa eta gertukoa eskaintzea da gure helburua. Gehienak eguna pasatzera etortzen dira, eta gure helburua da gurean dauden bitartean eskuragarri dituzten baliabide guztien berri ematea, bai herriaz eta naturaz gozatzeko, eta baita herriko zerbitzuez gozatzeko ere”. Bisitarien profila kontuan harturik, lau hizkuntzatan (euskara-gaztelania, euskara-ingelesa eta euskara-frantsesa) egin dute mapa, beti ere euskara oinarri hartuta. “Hizkuntzei dagokienez, hor dago aldaketarik handiena. Orain euskara da guztien oinarri. Ikusi dezatela guztiek euskaraz bizi garela”.
Hiru ardatz eduki dituzte oinarritzat mapa egiterako orduan: natur baliabideak, zerbitzuak eta ondarea eta izaera propioa. Natur baliabideei dagokienez, ura izan da ardatza: errekaren alboko oinezko bideak, hondartza, ur jarduerak, Alleriko padura eta itsasoa. Zerbitzuei dagokienez, herriko ostalaritzak ematen duen eskaintza anitza azpimarratu nahi izan dute; hasi jatetxeetatik eta mota guztietako tabernetaraino dagoen aukera zabala. Azkenik, mapak herriko eta herritarren izaera propioa jasotzen du. Izan ere, turismoa herriaren ardatza izan beharrean, turistentzako ardatza herria eta herritarrak izatea bultzatu nahi dute.
Mapa berria egitearen helburua herria bisitatzera datozenei zerbitzu gaurkotua eskaintzeaz gain euskarri bakar batean informazio, argazki, telefono eta leku aipagarrienen bilduma bat sortzea izan da. Bisitariek orriaren alde batean Ondarroako mapa aurkituko dute, kale izenekin, leku aipagarrienekin eta herriaren ezaugarri diren hainbat argazkigaz. Horrez gain, herriko puntu interesgarriak non dauden ere identifikatzen dira: osasun etxea, postetxea, portua, autobus eta taxi geralekuak, liburutegia, jatetxeak… Era berean, herrian zehar egin daitezkeen ibilbideak ere identifikatuta agertzen dira.
Euskarriaren beste aldean, ostera, herriko monumentu edo eraikin azpimarragarriei buruzko informazioa aurkitu daiteke: Alde Zaharra, Itsasaurre zubia, Likona Dorrea, Andra Mari eliza. Horregaz batera herriko telefono interesgarrien zerrenda ere badago: garraioak, pentsioak, jatetxeak, gozotegiak… Amaieran, herriko tabernen zerrenda bat ere badago, telefono zenbakiekin. “Guzti honekin batera herriko turismo aktibo eskaintza ere agertzen da: alde batetik, portuan bisita gidatuak egin eta euren lana erakusteaz arduratzen diren Kresalartin Turismo Neskatilak eta, bestetik, Arrigorri hondartzan uretako jardueren zerbitzua eskaintzen duen Koasta”.