Artzainentzako artile bilketa antolatu du Debemenek
Mutrikuko artzainek Azpeitiko Lapatx zabortegira eraman beharko dute artilea, uztailaren 22an. Zerbitzua erabili nahi dutenek aldez aurretik deitu eta txanda eskatu beharko dute.
Deba Beheko Landa Garapenerako Elkarteko iturriek jakitera eman dutenez, artile bilketa egingo dute uztailaren bigarren hamabostaldian Gipuzkoan. Zehaztu dutenez, Debabarreneko artzainentzat uztailaren 22an antolatu dute bilketa. Soraluze eta Eibarreko artzainek Bergararako Epele zabortegira eraman beharko dute artilea, eta Mutriku, Itziar, Deba, Mendaro eta Elgoibarkoek, berriz, Azpeitiako Lapatx zabortegira.
Iragarri dutenez, zerbitzua erabiltzeko interesa dutenek Lurgintzako 696 43 36 02 telefono zenbakira deitu beharko dute ahalik eta azkarren. “Aurten derrigorrezkoa da aurrez hitzordua eskatzea. Bertan azalduko zaizkie artilea entregatzeko eguna, ordua eta tokia”. Zerbitzuaren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiak bere gain hartuko duela esan dute, baina gainontzekoa artzainek ordaindu beharko dute. “Egindako proposamenak sektorearen inplikazio zuzenagoa dakar, eta iaz bezala artilea konpost bihurtzera bidaliko da Nafarroara, ekonomia zirkularra sustatuz”.
Debemeneko arduradunek azaldu dutenez, etorkizunean artilea “baliozkoa izango den baserriko produktua” izan dadin lanean jarraitzen dute. “Proiektu ezberdinetan hainbat enpresa eta eragile artilea balorizatzeko irtenbideak aztertzen gabiltza”. Proiektu horiek gauzatzen diren bitartean, Gipuzkoan artile bilketa modu antolatu batean egiteko hainbat eragile batu dira: Gipuzkoako Foru Aldundia, ardi sektoreko elkarteak, gestio etxeak, nekazaritzako sindikatuak eta Landa Garapenerako elkarteak. “Bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko prozedura landu eta adostu dugu”.