Josu Erkoreka: "Berreskuratuko gara, produkzio sistema bere horretan dagoelako"
Legebiltzarrerako hautagaia da Josu Erkoreka (Bermeo, 1960). Gobernuaren bozeramailea izan da azken bi legealdietan.
Funtsezko galdera. Zelan atera krisi honetatik?
Bi krisi ditugu: osasun krisia, eta berarekin ekarri duen krisi ekonomikoa. Ez dakigu zelako dimentsioa hartuko duen ezta zelako eragina izango duen arlo sozialean. Osasun krisiari aurre egiteko neurri asko bideratuta daude, baina oraindik gehiago behar dira, txertoari dagokionez, besteak beste. Dena den, gure ospitaleak kolaborazio proiektuen parte dira, eta gure ekarpena egin asmoz, Biocruces ere bada ikerketa proiektu bateko parte.
Birusari aurre egiteko autosufizienteak izanez gero, lagungarria izango da?
Guztiz autosufizienteak izatea gaitza da, herri txikia garelako. Gizarte eredua eta kontsumoa zelakoa den ikusita, guk dena produzitzea zaila da. Produkzio prozesuetan ahalik-eta posiziorik estrategikoena lortzea da gakoa, onurak atera daitezkeelako horrela: sozialak, ekonomikoak eta osasun arlokoak.
Eta krisi ekonomikoari dagokionez?
Daukagunari eutsi behar diogu. COVID funtsa sortu genuen, 1.550 milioi eurokoa, osasun gastuei aurre egiteko eta enpresa txiki-ertainak laguntzeko; enpresa edo autonomoek izan ditzaketen zailtasun ekonomikoak gainditzen laguntzeko. Hurrengo legealdiari begira beste proiektu batzuk ditugu, sendoagoak, hiru foru aldundiekin batera egin beharrekoak.
Industria eta automozioan osasun krisiak aldi baterako lanpostuak suntsitu ditu. Sektorea berpiztuko da?
Horretarako neurriak hartu dira; besteak beste, kontsumoa piztearena. Produzkio sarea ez da eten, baina eskaria falta da. Renove planaren bitartez, eskaria piztu eta sektoreari eustea da asmoa. Hala ere, sektorea ez dugu bere osotasunean kontrolatzen. Badaude enpresa asko automoziotik bizi direnak, baina gehienak kanpoko enpresen menpe daude edo auxiliarrak dira. Beraz, egin dezakeguna da eskaria lagundu eta bultzatu.
Langabeziak, baina, gora egin du. Krisi egoera honetan, zelan zaindu gizarte ongizatea?
Eustatek eta Ogasun Sailak egindako ikerketen arabera, 68.000 lanpostu galdu daitezke hiru lurraldeetan, jardun osoan. Hori konpontzeko neurri desberdinak hartu daitezke. Batetik, ERTEan dauden langileei dagokienez, soldatarik baxuenak dituztenek Jaurlaritzak emango duen osagarria eskuratu ahal izango dute. Horrek ez du langabezia bideratuko, baina egoera sozial konkretu batzuk lagunduko ditu. Geroari dagokionez, argi dago pizgarri ekonomikoak martxan ipini behar direla, lanpostuen dinamika berreskuratzeko. Aldundiekin garatutako Guztiok Bat izeneko proiektua dugu horretarako. Diseinua eginda dago, eta 10.000 milioi euroko funtsa sortzeko konpromisoa hartuta dago, lau urterako. Horrez gain, sektore estrategikoetan inbertsioak bultzatu behar dira. Gure ustez, horri ekonomikoki eusteko baliabide nahikorik izango genuke gaur gaurkoz, zergak ukitu barik, zorarren bidez. Jaurlaritzak zorra hartu behar du. Azken urteetan kudeaketa orekatua eta oso zorrotza egin dugu, eta erkidegoen artean zorrik baxuena izan dugu. Zor berria hartzeko moduan gaude, eta merkatuetan ere ez dugu arazorik izan. Beraz, osasun krisiak ekarriko duen krisi ekonomikoari erantzuteko moduan gaudela uste dugu. Ekonomiaren beherakada %8koa izango bada, 2021ean %6 berreskuratzeko gai izango garela uste dugu, produzkio sistema bere horretan dagoelako.
Lehen sektoreak ere kezka sortzen du.
Ezin da bazter utzi. Lehen sektoreak gizarte aurreratu batean izan dezakeen bultzada mantendu behar da. Batetik, azpiegiturak mantendu behar dira; bestetik, sektorearen jarraikortasuna bermatu behar da, belaunaldien artean etenik eman ez dadin. Horretarako ditugu Itsasoratu eta Gaztenek programak. Helburua da 500 familiatan belaunaldien arteko jarraikortasuna bermatzea. Europak ere hainbat programa ditu, eta baliabideen faltarik ez dago.
Produkziorako bai, baina bertoko kontsumoa bultzatzeko programarik baduzue?
Garrantzitsua da berton ekoiztea eta berton ekoizten dena kontsumitzea. Lehen sektoreaz gain, bizirauteko eskubidea du eskualdeak, eta lehen sektoretik bakarrik ez da etorriko. Modernizatzeko azpiegiturak behar dira, eta uzta digitalaren zabalkundean aurrerapauso nabarmenak eman ditugu azken urteetan. Azpiegitura digitala bermatu dugu enpresa handiek errentagarritasunik ikusten ez duten lekuetan. Hiru deialdi izan ditugu, eta laugarren deialdia abendurako egingo da. Beste aukera bat turismoari lotuta dago. Aukerak egon badaude, eta momentu honetan gure BPGean turismoak duen pisua handia da. Aukera alternatiboak ere bultzatu behar dira. I+G+Bn Leartikerren adibidea dugu. Lehen sektorea mantendu behar da, baina besteak zainduz eta azpiegiturak bultzatuz.
Ekonomia bultzatu bai, baina pandemia egoera gogortuko balitz, prest zaudete erantzun egokia emateko?
Guk ez dugu salbuespenezko baliabideen beharrik izan. Hainbat egokitzapen egin genituen ospitaleetan, gune ezberdinak oheekin betez, ospitaleen gaitasuna eta ZIUak sendotzeko. Gure baliabideekin erantzun ahal izan diogu pandemiari, inoren laguntzarik behar gabe. Gerora begira, martxoan baino gehiago dakigu birusari buruz. Hasita gaude materiala produzitzen, eta planifikazio hobea dago lehen arretatik kasuak sortzen direnean neurri zuzenak hartzeko. Gripea ere helduko da, eta bata bestearengandik bereizteko sistemak garatzen ari gara, hasieratik bereizi eta diagnostiko eta tratamendu egokia emateko.
Gernikako ospitalean oheak jartzeko eskaria ere egin da. Erantzuna emateko asmorik?
Pandemia egoeran eskariak egin dira, baina baliabideak barik, langileak falta dira. Intentsibistak eta horretan adituak diren medikuak behar dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententziak dio Osakidetzak babesgabetasun egoeran utzi zituela osasun langileak pandemiaren aurrean.
Bere testuinguruan ulertu behar da sententzia. Datu objektibo bat da momentu guztietan behar ziren baliabide guztiak ez direla egon, baina Europa osoan gertatu izan da. Beste gauza bat da erakunde publikoaren jardun oker baten ondorioz izan dela esatea, eta auzitegiak esan du erakundeen jardun okerrik ez dela egon, eta ez dagoela modurik erantzukizun administratiborik eskatzeko.
Herria eskutik badabil, aurrera aterako dela diozue. Noren eskua heldu nahi du EAJk?
Gure gizarteak duen balorerik handiena da kohesioan aurreratuago dagoela. Badaude kolektibo batzuk bazter uzteko arrisku gehiago dituztenak, baina horri aurre egiteko neurri sozialak aspalditik ditugu. Herritarren bizitza, etorkizuna, ongizatea eta oreka soziala bermatu behar dira, eta denak gara beharrezko.
Politiketan genero ikuspegia txertatu nahi duzue. Krisialdietan emakumea izaten da zigortuena. Nola konpondu hori?
Berdintasunaren politika transbertsala da Jaurlaritzan, Emakundek horretarako arau zehatzak eta finkoak jarri dituelako. Politika publiko guztien diseinuan Emakunderen txostena behar da, genero faktorea presente egon dadin. Lehen sektorea aipatu dugu lehen, eta badago emakume nekazariaren lege bat, legealdi honetan onartu dena, eta gure konpromisoa da legealdi berrian garapen hori publiko egitea eta martxan jartzea.