Leixuri Arrizabalaga (EAJ): "EAJren herrigintza herritarren beharrei erantzuna ematean datza"
Bizkaiko EAJren zerrendaburuak Ondarroan agertu duenez, alderdi jeltzaleak fokua osasunean jarriko du berriro.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko EAJren zerrendaburuak, Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko buruak eta Aitor Basterretxea EAJren Bizikaiko zerrendakideak mitina eman zuten Ondarroako Alamedan eguaztenean [uztailak 8]. Eusko Legebiltzarrerako Bizkaiko zerrendaburuak ekitaldian esan zuenez, EAJren herrigintzak herritarren beharrei erantzuna ematea du oinarri. “Gizartearekin eta gizartearentzat garatzen den herrigintza, gure bizilagunen bizitza familiaratzen duena”. Arrazoi horregatik alderdi jeltzaleak “ekintza zehatzekin” fokua berriro osasunean jarriko duela azpimarratu zuen, “hitz soilak baino gehiago garelako”.
Ildo horretatik, EAJk datorren legealdian martxan jarri nahi dituen proposamenetako batzuk ere azaldu zituen Arrizabalagak. Besteak beste, alderdi jeltzaleak Osakidetzako lantaldea berritzeko 4.000 leku sortzea bultzatuko duela agertu zuen, eta horretarako lehen mailako arretari lehentasuna emango diote; 400 mediku berri, erizaintzako plaza gehiago edo osasun azpiegitura berriak proposatzen dituzte, esaterako. Pandemiaren jarraipena egiteko 35 espezialista plaza ere eskainiko dituztela ere jakitera eman zuen Bizkaiko zerrendaburuak, eta beharrezkoak diren “PCRen eskuragarritasuna” bermatuko dutela eta farmazia soziosanitarioko unitate bat ere sortuko dutela hornidurarako.
Emakumeen gaixotasun espezifikoak jorratzen dituzten ikerketa proiektuak sustatzeko asmoa dutela ere iragarri zuen zerrendaburuak, adinekoen arretarako hiru bulego irekiko dituztela eta gaixo kronikoentzako eta mendekotasun egoeran daudenentzako iraupen luzeko zainketen sistema integral bat jarriko dutela abian, “zaintzaleei” laguntzeko. “EAJk arlo honetan sustatuko dituen ekintzetako batzuk baino ez dira hauek, gure ardura baita dauden beharrei erantzuna ematea. Alderdi honek helburu bakarra du: Euskadiren eraikuntza nazionala eta soziala abertzaletasunetik, euskara eta udalerri bakoitzaren errealitatera egokituta; behetik gorako eraikuntza bat”.
Arrizabalagak egin modura, Itxaso Atutxak ere EAJren aldeko botoa eskatu zuen Alamedan. Aurreratu zuenez, IƱigo Urkullu lehendakarigaiak gidatuko du herria, “datozen urteetan egin behar duen bide gogorretik”. Eta inkestek alderdi jeltzaleari ematen dizkioten datu onez ere ohartarazi duen. “Lana ez dago eginda. Bakoitzaren botoa, bakoitzarena, inoiz baino garrantzitsuagoa izango da domekan. Datozen urteetan herrialde hau nork gidatuko duen izango dugu jokoan; eta urte gogorrak izango dira”.