Unai Urruzuno: "EH Bildu barik ez dago ez gobernu abertzalerik, ezta ezkerrekorik ere"
Unai Urruzunok (Ondarroa, 1972) politikagintzaren lehen lerroa lagako badu ere, koalizio abertzalean jarraituko du; EH Bildun "beste ardura batzuetaz" arduratuko da aurrerantzean.
Legebiltzarrean egon zaren bi legealdiei buruzko zer analisi egingo zenuke?
Maila pertsonalean, esperientzia aberasgarria izan da. Baina politikoki bizi dugun momentuari begira, ez da urrats kualitatibo nabarmenik eman. Parlamentuan ematen den indar korrelazioa aldatu egin behar da, baina horretarako, hemengo ezker subiranoak gehiengo politiko eta soziala artikulatu beharko ditu; indar metaketa bat ematen den momentutik, erakundeetan eragiteko gaitasun handiagoa egongo da.
Politikoki aldaketa asko eman dira tarte honetan?
Ez da aldaketa askorik egon; legealdi lauak izan dira. EAJ eta PSE-EEren artean kudeaketara begirako gobernu bat egon da. Helburu bakarra eurak gobernatzen jarraitzea izan da, baina horrek ez dio pultsurik hartzen gaur egun bizi dugun momentuari. Hasi berri dugun hamarkada eraldaketa handien garaia izan daiteke mundu mailan, ez bakarrik emango diren eraldaketengatik, baizik eta eraldaketa horien abiadagatik ere; aurrekaririk ez duen abiadagaz etorriko dira aldaketak, baina gobernu honek datozen aldaketa horiei usainik ere ez die hartzen. Iruditzen zaigu gobernu hau ez dagoela inondik inora horretara, ez da ari prestatzen herri modura horri guztiari aurre egiteko. COVID-19ak hori guztia azkartu eta sakondu egin du, eta testuinguru horretan argi luzeekin jokatu duen gobernu bat behar dugu. Gobernuak orain transmititzen digun bakarra da egunerokotasunera begira dagoela, eta ez epe luzera.
Eta datozen urteetara begira gobernu abertzale batentzako lekurik badagoela uste duzu?
EAJren eta EH Bilduren arteko gobernu bat osatzeko aukerarik ez dugu ikusten. Etorkizunean abertzaleen edo ezkerrekoen arteko balizko gobernu bat egongo bada, biak ala bietan EH Bildu bertan egon behar dela iruditzen zaigu; EH Bildu barik ez dago ez gobernu abertzalerik, ezta ezkerrekorik ere.
Hauteskundeak une korapilatsuan egingo dira.
Ez dago ezer zehatzik jakiterik, baina orain momentuan dagoen galdera hori da: ea badauden behar besteko baldintza sendoak horrelako hitzordu garrantzitsu bat bermatzeko. Iparraldean eta Europan egon diren beste hauteskundeetan ikusi denez, abstentzioak gora egin du nabarmen.
Koronabirusaren krisiaren ondorioz murrizketak gehituko direla diote.
Aurreikuspenak betetzen badira, ondorioak oso larriak izango dira. Gastua handituko da, zerbitzu publikoak indartu eta lehen ez zeuden behar batzuk asetu beharko dira, eta diru sarrerak gutxitu egingo dira. Horri irtenbide bat emateko nahiagaz hainbat proposamen ditugu.
Zeintzuk?
AHTari dagokionez, luzamendu bat eskatzen dugu. Urtero izugarrizko diru kopurua bideratzen da proiektu horretara. Duela aste gutxi, 400.000 eurotik gora bideratu zituen AHTra, eta beste horrenbeste Hegoaldeko tren saihesbidera. Koronabirusak sortuko dituen kalteei aurre egiteko diru asko beharko dela argi dago, eta horretarako zerga politika egokitu beharra dagoela uste dugu. Azkenik, COVID-19 delako tasa ere proposatzen dugu. Tasa hori dirutza handiei aplikatu litzaieke; bai enpresei eta bai norbanakoei ere. Hori bai, tasa hori aldi baterako izango litzateke; egoera honi erantzutea da helburua. Urkullu murrizketarik ez dela egongo esan eta esan ari da, baina murrizketak ezartzen hasita daude.
Krisiak gehien kaltetu duen kolektibo bat adinekoak izan dira. Zer proposatzen duzue?
Hemengo gizarte zerbitzuen planteamendu integrala proposatzen dugu, eta bide horretatik, dena barneratuko eta bateratuko lukeen erakunde publiko eta moderno bat sortzea da gure nahia. Zaintza eredua orain arte pribatizazioan oinarritu da, eta gure nahia zaintzaren esparrua irabazi asmoa duen negozio modu batetik ateratzea da, zaintza erdigunean kokatuz. Hori lortzeko beharrezkoa izango da erakunde bat erantzun bateratu eta kohesionatua eskaintzeko, inor baztertuta laga barik.
Pandemiak, gainera, ezerezean laga du autogobernua.
Pandemiak gai hori azaleratu egin du. Eta niretzat azken legealdiko porrotik handiena hori izan dela esango nuke. Oinarri eta printzipioak kontuan hartuta, etorkizuneko estatus juridiko-politikoaren oinarriak adostu genituen EAJgaz. Hain zuzen ere, horrelako egoerei buelta ematera zetorren erabakitze eskubidean oinarritutako planteamendu bat zen, baina ez zen planteamendu independentista bat. Gaur egun Madrilegaz dugun harremana menpekotasunean oinarritutako harremana da, eta edozein erabaki hankaz gora botatzen du. Menpeko harreman eredu hori aldatzeko akordioa zen, berdinen arteko harreman bat izateko, baina akordioa bertan behera laga zuen EAJk. Estatus politiko berria lortzeko aukerari uko egin zioten. Politikoki azken zortzi urteotan egon den akordiorik garrantzitsuena izan da, baina, era berean, desengainurik handiena ere bai.
Pandemiak, bestalde, Zaldibarko gaia ere lausotu du.
Zaldibarko lur jausiak ere, tamalez, beste gauza asko laga ditu agerian. Sektore batzuk duten izaeragatik ezin dira esku pribatuetan egon. Interes pribatua sartzen den lekuan, lehenesten den gauza bakarra irabazia da, eta beste esparru guztiak bigarren maila batean geratzen dira; Zaldibarren ikusi den moduan, pertsonen bizitzak ere bigarren maila batean geratu dira. Zaldibarrek erakutsi digu ez zegoela inolako kontrolik hor sartzen ziren hondakinen gainean.
10 (+1) konpromiso batzen dituen eskaintza politikoa jaso duzue programan.
Osasun larrialdiak hauteskundeekin bat egin duenez, guk planteatzen duguna da hamar konpromiso horiek honi egoerari momentuan erantzuna ematea. Hamar konpromiso horietan guretzako alor estrategikoenak direnak batu ditugu. Horri guztiari erarik egokienean aurre egiteko herri honek Nor izatea behar du, ahalmen politikoa eta tresna politikoak eduki behar ditu; (+1) horrek hori adierazi nahi izan du.
Inkesten arabera, bigarren indarra izaten jarraituko duzue.
Inkestak, orain arte, iritzia erakusteko baino iritzia sortzeko izaten direla uste dut; zer pasako den esan baino, zer pasatzea nahi duten bultzatzeko tresna bihurtzen dira. EH Bilduk azken hitzorduetan, gutxika bada ere, gorako joera darama, eta zentzu horretan oraingoan ere tendentzia hori mantendu egingo dela uste dugu.
Eskuin muturreko alderdiak ere tokia egin nahian dabiltza Legebiltzarrean.
Indar ahula dute, baina ez gara fidatu behar horregaz. Ultraeskuindarren eta faxismoa gainditzeko neurririk onena EH Bilduren aldeko bozka dela uste dut.
Zapatua [uztailak 11] hausnarketa eguna izango da. Botoa emateko zalantzagaz dagoenari, zer esango zenioke?
Botorik ez ematea eskuinari botoa ematea da. EH Bilduk konpromiso argi bat dauka euskal errepublika batera bidea egiteko, baina beti ere, inor bazterrean utziko ez duen eta berdinen arteko euskal errepublika bat. Ezkerreko boto aktiboaren deia egiten dugu. EH Bildu, gainera, gaur egun dagoen EAJk eta PSE-EEk osatutako statu quo-ari aurre egiteko alternatiba bakarra da. Etxean geratzea eta ez bozkatzea statu quo hori indartzea eta horren aldeko apustua egitea da.