Jesus Amas: "Klik egin aurretik ondo pentsatzen dut zer atera nahi dudan"
Argazki kamera beti aldamenean eramaten du Amasek. Azken urteotan, bere betiko bi zaletasunak uztartzea lortu du: argazkilaritza eta hegaztienganako maitasuna.
Noiz hasi zen argazkilaritzaren eta bion arteko harremana?
Betidanik gustatu izan zait argazkilaritza. Nire lehenengo kamera oso gaztea nintzela erosi nuen. Optika finkoko kamera bat zen, eta asko ikasteko aukera izan nuen. Duela 20 bat urte, baina, zaletasunean gehiago murgiltzen hasi nintzen. Nikon D650 analogiko bat erosi nuen, eta haren atzetik, Nikon F100 reflex analogiko bat. Hura hobea zen, baina handik pare bat urtera digitalen aroa hasi zen.
Eta digitalera jauzi egin zenuen?
Bai, noski. Nikon 5600 bat erosi nuen, eta gero Nikon D70 bategaz hasi nintzen esperimentatzen. Eduki nuen lehen reflex kamera digitala huraxe izan zen. Ostean, Nikon D200 bat erosi nuen; dudarik barik, orain arte eduki dudan kamerarik txarrena izan da. Haren atzetik Nikon D800 bat erosi nuen, eta orain txorien argazkiak oso azkar ateratzen dituen beste kamera bat daukat.
Zein?
Nikon D500 bat daukat orain. Segundo bakar batean hamar argazki ateratzen ditu. Oso azkar enfokatzen du, eta, egia esan, oso gustura nago.
“Herrian giro ona edo jairen bat baldin badago, bizikleta eta kamera hartu, eta jende tartera joaten naiz”
Non ikasi duzu?
Nire kabuz ikasi dut. Egia esan, behar dudanerako ondo konpontzen naiz. Argazki kameragaz esperimentatzen asko ikasten da. Orain, gainera, Interneti esker gehiago sakontzeko aukera dago. Ondarroan argazkizale talde bat ere badago, eta bertan hainbat ikastaro egin ditut. Geroago, beste argazkizale talde bat sortu zen Markina-Xemeinen, eta han ere asko ikasi dut.
Argazkietan zer jasotzea gustatzen zaizu?
Herrian giro ona edo jairen bat baldin badago, bizikleta eta kamera hartu, eta jende tartera joaten naiz. Baina, niri, gehienbat, naturan argazkiak ateratzea gustatzen zait. Batez ere, hegaztiei argazkiak ateratzea gustatzen zait. Umetatik oso gustuko ditut txoriak, eta horien bila ibiltzen naiz argazkiak ateratzeko. Internetetik halako eta honako hegaztia non dabilen enteratzen naiz, eta hara eta hona joaten naiz argazkiak ateratzera.
Hegaztiei argazkiak ateratzeko toki kuttunik badaukazu?
Alleriko paduran bertan, araztegitik gertu, toki bat daukagu prestatuta. Ehiztariek egiten duten antzera kamuflatuta dago tokia, eta geu ere jantzi bereziekin janzten gara, hegaztiak ez uxatzeko.
Eta Alleriko paduran bertan zer hegaztiri ateratzen dizkiozue argazkiak?
Argazkiak ateratzeko nahikoa toki aberatsa da Alleri. Hainbat hegazti etortzen dira bertara atseden hartzera: koartza hauskarak, arrano arrantzaleak, kulixkak, martin arrantzaleak, koartzatxoak, koartza gorriak, zakilloak edo ubarroiak, txilinporta txikiak… askotariko hegaztiak ikusi daitezke.
Argazkiak ateratzera joaten zarenean, zer izaten da bereziena?
Argazkiak ateratzeko postu bat prestatuta izaten dugu. Janaria ipintzen diegu hegaztiei, eta bertaratzen diren unea oso berezia izaten da. Hainbat espezie etortzen dira, eta denbora pasa ahala, hurreratzen diren espezieak gero eta gehiago izaten direla konturatu naiz. Baina gauzarik politena postuan gaudela hegaztiak bestelako gauzak egiten argazkiak ateratzea da.
Zer, esate baterako?
Zakillo batek platuxa oso handia arrantzatu zuen, eta arraina irentsi nahian zebilela, hegaztia odoletan hasi zen. Arraina ezin irentsita ibili zen ubarroia, eta saiatu eta saiatu han ibili zen. Beste batean, koartza hauskara batek platuxa handi bat arrantzatu zuen. Handiegia zen, eta irentsi nahian zebilela, itota hil zen; kateatuta geratu zitzaion arraina ez aurrera ez atzera, eta azkenean ito egin zen. Amiltxori arrunta, berriz, nahikoa hegazti fidakorra da. Argazkiak ateratzen zaudela, kamerak ateratzen duen soinua entzun, eta norberarengana hurbiltzen dira. Askotan parez pare jarri izan zaizkigu, eta hurbilegi egoten direnez, kameragaz argazkia ezin enfokatuta ere ibili izan naiz. Holakoetan telefono mugikorra atera, eta zer edo zelan moldatu behar izan naiz argazkia ateratzeko. Argazkiak ateratzeko dugun txoko barrura ere sartuta daude amiltxoriak; oso kuxkuxeroak dira, eta ez dira erraz beldurtzen diren horietakoak.
Hegaztiei argazkiak ateratzeko zer da beharrezkoa?
Nik, esaterako, teleobjektibo berezi bat erabiltzen dut; 200-500 bat. Beharraren arabera, 700ekoa ere bihurtzen da. Oso pozik nago objektibo horregaz, oso azkarra da.
Kamera eta objektiboagaz gain, gailu osagarri asko erabiltzen dituzu?
Bai. Argazkiak ateratzen ditugun postuan, esaterako, tripode lanak egiten dizkigun makila bat jarrita uzten dugu, eta joan bakoitzean hara lotzen dugu kamera. Euskarri horietako asko, gainera, erosi beharrean geuk egin ditugu geure neurrira eta beharrei egokituta.
“Edizioko programak oso onuragarriak dira, baina horiek muga bategaz erabiltzea komeni da, neurrian”
Kamerako botoiari klik egin aurretik asko pentsatzen duzu zer atera?
Saio bakoitzean argazki gutxi ateratzen ditut. Ez ditut ateratzen dozenaka argazki segidan, bestela, gero argazkiak ikusterako orduan denak berdintsuak iruditzen zaizkit, eta aukeraketa egiterako orduan denbora gehiago behar izaten dut. Nik neuk, adibidez, klik egin aurretik ondo pentsatzen dut zer atera nahi dudan. Postura bat edo ekintza zehatz baten zain egoten naiz, eta pare bat argazki ateratzen ditut.
Eta argazkiak, koloretan ala zuri-beltzean nahiago?
Bata zein bestea oso gustuko ditut, beharraren arabera erabiltzen ditut. Argazkiak berak eskatzen dit bat edo bestea. Esate baterako, kolorea arraroa denean kontraargi handia dagoelako, zuri-beltzean hobeto geratzen da. Bestela, hegaztia oso koloretsua bada, hobe koloretan, kolore bizi horiek nabarmentzeko.
Argazki onak ateratzeko orduan, kamera ona edukitzea nahikoa da?
Ezta pentsatu ere. Munduko kamerarik onena eduki ahal izango duzu, baina ez badakizu hura ganoraz erabiltzen, ez diozu behar besteko probetxurik aterako.
Photoshop eta antzerako programak, bai ala ez? Non dago muga?
Edizioko programak oso onuragarriak dira, baina horiek muga bategaz erabiltzea komeni da, neurrian. Argazki batzuk, esaterako, argazkiak duen argiaren edo fokuratzearen arabera, edizio oso gutxi behar izaten dute. Baina, normalean, zerbait editatu beharra egotean da. Txori asko oso txikiak dira, eta zoom asko sartuta ere, oso txiki geratzen dira. Kasu horretan, esaterako, moztu eta handitu beharra eskatzen dute.