Joseba Beitia: "Dena irabazi dugu, eta zaleen aldetik oso maitatua izan naiz"
Indian jokatzeko aukera sortu ondoren, erdilari mutrikuarra ezinbesteko jokalaria bihurtu da Indiako Mohun Bagan taldean. 10 zenbakiarekin, sekulako denboraldia egin du.
Joseba Beitia Agirregomezkorta (Ondarroa, 1990) futbol jokalari mutrikuarra ibilbide profesionaleko unerik atseginena bizitzen ari da. Indian jokatu duen estreinako denboraldian I-League liga nagusia eskuratu du Mohun Bagan klubarekin, eta taldeko jokalaririk onena ere izendatu dute, “jokoaren ikuspegi bikaina, paserako gaitasuna eta zelai erdia kontrolatzeagatik”. Ligako partidu guztietan titularra izan da mutrikuarra; 5 gol sartu eta 16 asistentzia eman ditu. Datorren urtean ere Indiara itzultzeko asmoa du, baina bere etorkizuna Asian ospea eman dion klubetik urrun egon daiteke.
Calcultako Mohun Bagan taldearekin bertako liga eskuratu duzu lehen denboraldian. Zer nolako esperientzia izan da zuretzat?
Bizitzan jokatu dudan denboraldirik onena izan da. Mohun Bagan taldea herrialdeko talderik zaharrena da, eta oihartzun oso handia du Indian, Espainia mailan Real Madriden bestekoa. Denboraldiari begira goitik behera talde berria eratu dute, eta lehen urtean liga irabaztea ikusgarria izan da. Lau jardunaldiren faltan, liga matematikoki irabazi dugu, bigarren taldearekiko 16 puntuko aldearekin.
Oro har, zelakoa izan da liga?
Bertara joan ginen momentutik aurreikuspen onekin gindoazen; irabazteko asmoarekin fitxatu gintuzten. Hemen jokatzen den joko mota han ez dago oso ikusia, eta Kibu Bikuñak horrekin asmatu egin du. Denboraldiari dagokionez, jokatu genuen lehen Kopan finalera ailegatu ginen, baina galdu egin genuen. Liga ofiziala hasi aurretik jokatu genuen Calcutako ligan ere bigarren geratu ginen. Egia esan, talde osatu berria izateko emaitza onak ziren, baina zaleentzat hori ez da nahikoa.
Zergatik?
Han irabaztea berebizikoa da, bestelakoan hutsaren hurrengoa zara. Bigarren geratzea ere galtzea bestekoa da eurentzat, ez duzula aurreikuspenik bete. Liga ofiziala hasteko garaian, sekulako presioarekin hasi ginen, baina, zorionez, ondo egin ditugu gauzak. Ligako lehen partidua berdindu, bigarrena galdu eta handik aurrerako guztiak irabazi ditugu.
Zein izan da I-League ligan bizi izan duzun unerik politena?
East Bengal taldearen aurkako derbia, dudarik gabe. Asiako derbirik historikoena eta garrantzitsuena da. 70.000 zale batzen dira harmailetan, eta partidu hori irabaztea hil ala bizikoa izaten da. Bi derbiak irabazi ditugu, eta ni, hain justu, bi partiduetako jokalaririk onena izendatu naute. Partidua irabazteaz gain, gola sartu eta asistentzia ere eman nuen; niretzat horixe izan zen jokatutako partidurik gogoangarriena.
“Indiako kirol nagusia kriketa bada ere, Calcutan futbolak zale gehiago ditu”
Ligari dagokionez, zer desberdintasun ikusi dituzu?
Europako futbola teknikoagoa eta taktikoagoa da, baina Indiakoa, berriz, fisikoagoa da. Indiako futbol jokalariek, esate baterako, gure aldean, lau aldiz korrika gehiago egiten dute. Egia esan, Indiako jokalarien maila fisikoa hemengoa baino altuagoa da. Azkenean, bertakoen mailak asko ematen dio taldeari.
Zelakoak dira Indiako zaleak?
Indiako kirol nagusia kriketa bada ere, Calcutan futbolak zale gehiago ditu. Harmaila guztiak bete-beteta egoten dira, eta zaleak oso sutsuak dira. Irabazten baduzu onena zara, baina galtzen baduzu, etxera etorriko zaizkizu harriak botatzera.
Eta zelako esperientzia eduki duzu zaleekin?
Zorionez, dena irabazi dugu, eta zaleen aldetik oso maitatua izan naiz.
Ezizenik edo jarri dizue?
Olagarro berdea (Green octopus) ezizena ipini zidaten zaleek, eta kantua ere egin zidaten. Horrelakorik sekula ez zait gertatu.
Eta zergatik olagarroa?
Hasieran ez nekien zergatik jarri zidaten izengoiti hori, baina zale batek esan zidan olagarro batek modura zortzi hanka ditudala, eta horri esker edozein egoeratan taldeko edozein kideri asistentzia emateko gai naizelako ipini zidatela ezizena.
Ospe hori zelan eramaten da?
Denaren gainetik naturala izan behar zara. Ni pertsona bera izan naiz, han zein hemen. Umea nintzenean Julen Guerrero ikustera joaten nintzen, eta hark nirekin argazkia ateratzea nahi izaten nuen, eta orain niregana hurreratzen direnekin berdina egiten saiatzen naiz.
Mohun Bagan taldetik zerk harritu zaitu gehien?
Aldagelek. Errespetuan oinarritutako sekulako giro ona eduki dugu, eta hori liga irabazterako orduan giltzarria izan da.
“Beroari eta hezetasunari ohitzea gehien kostatu zaidan gauzetako bat izan da”
Zelan sortu zitzaizun Indiara joateko aukera?
Hamar bat urte neramatzan hemen 2B mailan jokatzen, eta atzerrira joateko gogoa nuen. Halako batean, Indiara joateko aukera sortu zitzaidan. Kibu Bikuña bertako entrenatzaileak niri buruzko hainbat erreferentzia zituen, eta nire ibilbidea ezagutzen zuen. Deitu egin zidan, eta ea bere taldean jokatzea interesatuko litzaidaken komentatu zidan. Liga ona eta talde irabazle batera nentorrela esanda, azkar konbentzitu ninduen. Bi aldiz pentsatu gabe, bere eskaintza onartzea erabaki nuen.
Taldearekin zenbat denborako kontratua duzu?
Denboraldi bakarrerako kontratua izan dut, baina hurrengo denboraldian ere Indian jokatzen jarraitzeko asmoa daukat. Beste talde bategaz negoziaketan ari naiz.
India oso herrialde hezea da. Zer moduz ohitu zara?
Klimara ohitzea kostatu zait. Uztailaren 12 batean ailegatu nintzen hara: 42 gradu zeuden, eta %93ko hezetasuna. Arnasarik ezin hartuta ibili nintzen hasierako egunetan, egia esan, beroari eta hezetasunari ohitzea gehien kostatu zaidan gauzetako bat izan da. Lehenengo hilabetea bereziki gogorra izan zen alde horretatik.
Koronabirusaren osasun krisiak eztanda egin zuenean, gainera, bertan zeunden.
Hilabete eta erdiko konfinamendua bete behar izan dugu. Urbanizazio batean bizi ginen, eta atzerriko beste hainbat taldekide ere bertan bizi ziren. Urbanizazio barruan bizitza normala egiteko aukera izan dugu, eta horri esker, urbanizazio bereko lagunen etxebizitzetara joateko baimena eduki dugu konfinamenduak iraun duen tartean. Urbanizaziotik irten ezin izan badugu ere, alde horretatik, zer edo zer samurragoa izan da. Hori bai, mugak itxita egon dira, eta ezin izan dugu Indiatik irten. Amona gaizki jarri zen, eta hil egingo zela jakinda ezin izan nuen hona bueltatu; ez zegoen hegaldirik.
Eta koronabirusak ezelako zerikusirik eduki du ligan?
Liga irabazi, eta biharamunean konfinamenduan jarri gintuzten. Liga, ondorioz, bertan behera geratu zen lau jardunaldiren faltan. Hori bai, zaleekin ospakizunik egiteko aukerarik gabe geratu ginen.