Auzobideetatik ibilgailu handiak pasatzeko ordenantzari hasierako onarpena eman dio Gizaburuagako Udalak
Ibilgailuen zamak bidean eragiten duen kaltea saihestu nahi du udalak ordenantza berriagaz.
Gizaburuagako udalak neurriak hartu ditu auzobideetan ibilgailu pisutsuen eragin kaltegarria saihesteko. Horrela, Udalbatzak hasierako onarpena eman dio udal jabetzapeko edo administraziopeko auzobideetatik aprobetxamendu bereziak pasatzeko ordenantzari. Era horretara, ekidin egin nahi du ibilgailuon zamaren kaltea udalaren ardurapeko auzobideetan, esate baterako, harrobietako materialak edo lurrak lekuz aldatzean edo basoko egurra eramatean.
Udal iturriek azaldu dutenez, behin-behineko ordenantzaren espedientea ikusgai dago jendaurrean. “Interesdunek espedienteak aztertu eta euren ustez egoki diren erreklamazio eta iradokizun guztiak aurkezteko aukera izango dute; epea abuztuaren 24an amaitzen da. Ordenantzari behin betiko onespena eman ostean, 2020ko urriaren 1ean jarriko da indarrean“.
Jakitera eman dutenez, ordenantza indarrean sartzen denean udal ardurapeko bideetan zehar ibili behar duten garraiolariek dagokien udal baimena eskatu beharko dute. Garraiolariek besteak beste, honakoak zehaztu beharko dituzte: materialaren jatorria dagoen mendi edo tokiaren izena eta kokagunea, garraiatuko den zamaren bolumena edo garraiatzea hasi eta amaituko diren egunak. Nabarmendu dutenez, udal baimena, beti ere, dagokion kanonaren ordainketa eta fidantza jartzeari baldintzatuta emango da. “Bitartean ezin izango da udal bideetatik ibili”. Are gehiago, egur jabe batek auzobide bat baino gehiago erabili behar baditu, auzobide bakoitzetik pasatu behar duen egur kantitatearegatiko kanona eta fidantza ordaindu beharko ditu.
Udal iturriek nabarmendu dutenez, debekatuta egongo da ibilgailu mota batzuk auzobideetatik igarotea. Auzobideetatik ezingo dira ibili har-ibilgailuak, katez elkar lotutako ibilgailuak, zoru gainean irristatzen diren arrasteko ibilgailuak, errodadura-bandadun ibilgailu edo orotara gehienezko pisua 30 tona baino gehiagoko ibilgailuak eta hiru ardatz baino gehiago duten kamioiak. “Aurreko mugapen orokorrak izanda ere, udalak baimena eman dezake erabilera berezietarako”.