Txirrindulari bat zauritu da Ziortza-Bolibarren
Txirrindulariak erorikoa eduki zuen Aitzabel parean. Gurutzetako ospitalera helikopteroan eraman bazuten ere, zauri arinak ditu.
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, domekan [uztailak 19], 11:10ean inguruan, txirrindulari batek istripua eduki zuen Ziortza-Bolibarko Iruzubieta auzotik gertu, BI-2224 errepidean. Zehaztu dutenez, txirrindulariak Markina-Xemeinerantz zihoala erorikoa eduki zuen Aitzabel parean, eta ondorioz, larrialdi zerbitzuen laguntza behar izan zuen.
Gertaeraren berri eduki orduko Markina-Xemeingo udaltzaingoa istripuaren lekura bertaratu zen, eta bidea moztu behar izan zuten tarte batez. “Helikopteroa etorri ahal izateko moztu behar izan zuten”. Ertzaintza eta suhiltzaileak ere bertan egon ziren, eta txirrindularia egonkortu ostean, Gurutzetako ospitalera eraman zuten Osakidetzako helikopteroan. Larrialdi zerbitzuek iragarri dutenez, txirrindulariak zauri arinak ditu. “Bere amak zauri arinak zituela esan digu”.