Eun Me Ahn 1'59'' proiektuan parte hartu du 'UrLur' koreografia ondarrutarrak
Mundu mailako 40 artistak parte hartu dute egitasmoan, eta lanak uztailaren 31n Parisen edo Hego Koreako antzoki batean egingo duten jaialdi batean estreinatuko dituzte. Internet bidez jarraitu ahal izango da jaialdia.
Eun Me Ahn dantzari eta artista korearrak bultzatutako 1’59” proiektuan parte hartu dute hainbat sortzaile ondarrutarrek. Mundu zabaleko arte eszenikoetan aritzen diren 40 artista ari dira proiektuan parte hartzen, eta ondarrutarrak egitasmoan parte hartzen ari diren euskaldun bakarrak dira. “Maiatzaren erdialdera dantzari ez profesionalei egindako deialdiaren berri eduki nuen, eta parte hartzea erabaki nuen. Ekainaren hasieran mundu osoko beste hainbat artistaz batera proiektuan parte hartzeko aukeratu nindutela jakinarazi zidaten”, azaldu du Nahia Iparragirre Burgoa dantzari ondarrutarrak.
Proiektuan parte hartu duten sortzaileek, hain zuzen, proiekturako beren-beregi lan bat sortu eta berau bideo batean jaso behar izan dute. Hori bai, ikus-entzunezkoak nahitaez 1 minutu eta 59 segundoko iraupena eduki behar izan dute; “ez gehiago, ez gutxiago. Eun Me Ahnen asmoa, hain zuzen, profesionalak ez diren 40 sortzailek zer helarazi nahi duten jasotzea da”.
Iparragirrek agertu duenez, UrLur koreografia sortu du egitasmoan parte hartzeko. “Itxialdian egotetik gentozen, eta etxean barruan egoneran, kalea, espazioa eta mugimendua faltan bota izan ditut. Proiektuan parte hartzeko aukeratu nindutela jakin nuenean, neure burua Arrigorri hondartzan, hankapaluen gainean eta uretan sartuta irudikatu nuen”. Baina ez da bakarrik aurkeztu. Amaia Cabero, Nerea Larrinaga, Haitz Urruzuno, Maddi Badiola eta Inar Eizagirregaz batera osatu du koreografia, eta Josu Eizagirre eta Yolanda Eizagirre, berriz, berau iruditan jasotzeaz eta bideoaren edizioaz arduratu dira.
Aurreko barikuan [uztailak 17] grabatu zuten koreografia Arrigorri hondartzan, eta bideoaren mundu mailako estreinaldia uztailaren 31n egingo dute, Internet bidez. “Proiektuan parte hartu dugun lan guztiak zuzenean proiektatuko dituzte Parisko edo Hego Koreako antzoki batean egingo den jaialdi batean. Jaialdia Facebookeko orrialde batetik jarraitzeko aukera egongo da, 18:00etatik aurrera”.