100 urte bete ditu Angelita Txopitea Zugadi lekeitiarrak
Uztailaren 31n ospatu zuen mendeurrena familia eta lagunekin batera.

San Inazio egun berezia izan du aurten Angelita Txopitea Zugadi lekeitiarrak. 100. urtebetetzea ospatu zuen hurbileko senide eta lagunekin inguratuta. Ohi modura, gainera, egun bereziari kolorea emateko, lore sorta bidali zion Lekeitioko Udalak, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta herriko jubilatu elkartearen oroigarriak ere jaso zituen.
San Inazio eguneko mezaren ostean elkartu ziren plazan Txopitea eta haren senide eta lagunak Amaia Antxustegi Ziarda Lekeitioko Udaleko zinegotziagaz, eta haren eskutik hartu zuen eguneko protagonistak Aldundiaren oroigarria. Izan ere, COVID-19a dela eta, ezin izan zen Aldundiko ordezkaririk Lekeitiora hurreratu. Lore sorta berriz, etxera bidali zion udalak.
Ilusio handiz hartu zituen Txopiteak zorion mezu eta opariak, eta guztiek batera argazkiak ere atera zituzten bertan plazan, mendeurren ospakizunaren oroigarri modura.