Gandiaga anaiek jantzi dute Lekeitioko Beteranoen XV. Esku Pilota Txapelketako txapela
Nagusitasunez irabazi dute norgehiagoka. Finalean omenaldia ere egin zioten maiatzean zendu zen Kepa Arroitajauregi pilotari ohi, Munduko Pilota Biltzarreko zuzendari tekniko eta Euskadiko Federazioko lehendakariordeari. Beteranoen txapelketan aritutakoa zen Arroitajauregi.

Emozioz bete amaitu zen atzo [abuztuak 30] Lekeitioko XV. Beteranoen Esku Pilota Txapelketa. Berriatuko Gandiaga anaiek eraman dute aurtengo txapela, eta partidetan etenaldi bat eginda, omenaldia egin zioten maiatzean zendu zen Kepa Arroitajauregi pilotari ohi, Munduko Pilota Biltzarreko zuzendari tekniko eta Euskadiko Federazioko lehendakariordeari. Beteranoen txapelketan aritutakoa zen Arroitajauregi.
Ikusmin handia eragin zuen finalak, eta Lekeitioko trinketeko harmailak bete egin ziren Berriatuko Gandiaga anaien eta Martin eta Foster lekeitiarren arteko lehia ikusteko. Lehen tantoa herrikoek eraman zuten. Martinek maisutasunez pilota ondo atzeratu eta teilatuan koska eginez, lehen tanto zuzena eskuratu zuen. Baina, momentu horretan bakarrik egon ziren lekeitiarrak markagailuan aurretik. Gandiaga anaiak nagusi izan ziren eta Iban Gandiaga atzelariak emandako abiadura eta norabideari aurre egitea ezinezkoa izan zen. 30-17 gailendu ziren. “Lekeitiarrak ahalegindu ziren, baina markagailuan beti atzetik joan ziren, eta nahiz eta pilota oso gaiztoak eroan, ezinezkoa izan zuten emozioa jartzea. Aurrean Martinek tanto politak egin zituen, baina Eñaut Gandiaga ere zuhur ibili zen eta anaiaren atzeko babes sendoagaz ez zuen hutsunerik utzi”, gaineratu du Julian Arrate txapelketaren antolatzaileak.

Gandiaga anaiak. Argazkia: Julian Arrate
Hala ere, ez zuten animorik falta izan. Publikoarengandik eduki zituzten sostengua eta animoak. Betiko modura, Juan Ignacio Izarra aritu zen epaile nagusi lanetan eta Jose Manuel Arrizabalaga izan zuen laguntzaile. “Ez zuten arazorik izan eta ondo bikain bete zuten euren lana”, azpimarratu dute antolatzaileek.
Finalagaz gain, 3. eta 4. eta 5. eta 6. postuak erabakitzeko partidak ere jokatu ziren atzo [abuztuak 30] Lekeitioko trinketean. Lehenengo, Astigarraga-Pradera eta Beraza-Telleria bikoteen artean erabaki ziren 3. eta 4. postuak. Nahaste baten ondorioz, atzeratu egin zen partidaren hasiera, eta 30 tantora barik 22ra jokatzea erabaki zuten. Pilotari guztiek maila ona erakutsi zuten, hala ere, urrian 66 urte beteko dituen Itziarko Iñaki Astigarragaren lana nabarmendu dute txapelketaren antolatzaileek: “Lau sake eta beste horrenbeste pilota sarera bideratzea lortu zuen, eta hor egon zen aldea”.

3. eta 4. postuetako bikoteak (Astigarraga,Pradera, Beraza, Telleria) eta Izarra epailea. Argazkia: Julian Arrate
Joko on eta lan bikaina eginez 22 eta 17 nagusitu ziren Astigarraga eta Pradera 3. postua eskuratuz. Laugarren lekua, beraz, Beraza eta Telleriarentzat izan da. 5. postua, aldiz, Rober eta Madariagarentzat izan da. Bergarako Roberrek ordezkatu zuen Eibarko Urkiaga, eta oso ondo bete zuen bere betebeharra. “Jaun eta jabe izan genuen sakez eta errestoetan, eta errez menderatu zituzten Nafarroako Jaunarena eta Mendaroko Egaña”.
Omenaldia. Eguraldia lagun, Zapaterito frontoian egin zuten Arroetajauregiren omenaldia. Akarregi Pilota taldeak eta Lekeitioko Udalak ere bat egin zuten Beteranoen txapelketako antolatzaileek prestatutako ekitaldiagaz. Momentu hunkigarriez betetakoa izan zen Asier Txakartegi Bizkaia Irratiko kazetariak gidatu zuen omenaldia. Andoni Egaña eta Iñaki Astigarraga aritu ziren bertsotan, eta Martin Gerenabarrena eta Julian Arrate txapelketako kideek Kepa Arroitajauregik Beteranoen Txapelketan parte hartu zueneko momentu eder batzuk oroitu zituzten.
Agurra ere dantzatu zuen Eñaut Gandiagak, Josu Erkiaga eta Joseba Izagirreren txistuen soinuak jarraituz, eta oroigarriak ere ez ziren falta izan: Julian Arratek, txapelketaren ordezkari modura, omenduaren ibilbidea irudikatzen zuen koadroa eman zien Arroitajauregiren seme-alabei, Joseba Diaz de Gereñuk Akarregi taldearen aurreko presidenteak lora sorta oparitu zion Keparen amari taldearen izenean, eta Josu Itza Lekeitioko Udaleko kirol zinegotziak 1888 iturriaren oroigarri bat oparitu zion Bakarne Bernedo Arroitajauregiren emazteari.

Kepa Arroitajauregiren omenaldiko Agurra. Argazkia: Julian Arrate