Apustuen eta horien ondorioei buruzko jardunaldiek arrakasta eduki dute Ondarroan
Apustuek eta horiek dakartzaten ondorioei buruzko hitzaldi bat eta dokumental bat proiektatu dituzte Gaztetxean. Antolatzaileek jardunaldiei buruzko balorazio ona egin dute.
Ondarroako Apustu etxeen eta joko makinen aurkako plataformak antolatuta, apustuen eta horiek ekarri ditzaketen ondorioei buruzko jardunaldiak burutu zituzten aurreko astean Ondarroan. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, lehendabizikoz antolatutako jardunaldiek erantzun oso ona eduki dute. “Aste emankorra eduki dugu oraingoan. Izan ere, herritar askok parte hartu dute ekitaldietan. Eskerrik asko Gaztetxera hurreratu zineten guztioi”.
Eguaztenean [abuztuak 26], esaterako, gaiari buruzko hitzaldia eskaini zuten Gaztetxean. Bilboko Eragin eta Iruñerriko apustu etxeen aurkako plataformetako kideek parte hartu zuten berbaldian eta euren testigantzak entzuteko aukera eduki zuten bertaratutakoek. “Euren borroka zein den eta zertan datzan azaldu ziguten. Modu horretara, jokoaren arazoa Euskal Herri guztian zabalduta dagoela ikusi dugu, eta arazo honi guzti honi aurre egiteko era bakarra antolakuntza eta borroka beharrezkoa direla”.
Domekan [abuztuak 30], berriz, Ur Handitan saioan ludopatiari buruz landutako Dena ala ezer ez dokumentala proiektatu zuten Gaztetxean. Antolatzaileek azaldu dutenez, dokumentaleko protagonista bat ere emanaldian egon zen: Galder Govillar (jokalari ohia). Ostean, Govillarregaz solasaldi “interesgarri” bat edukitzeko ere aukera izan zuten. “Govillarrek esan zigunez, ez bada orain zer edo zer egiten, etorkizuna gogorra izango da. Beraz, guk borrokatzen jarraituko dugu apustu etxeak eta joko makinak herritik bota arte”.