New Yorkeko Rainbow Cinema Awards jaialdiko finalaurrekoetarako hautatu dute 'Ekai' lana
Ekai Lersundi Martinez ondarrutarrari buruzko film labur dokumentalak izendapenak eta sariak pilatzen jarraitzen du nazioartean.
Arantza Ibarra zinemagile ondarrutarrak jakinarazi duenez, Ekai Lersundi Martinez ondarrutarrari buruzko Ekai film labur dokumentalak naziorteko beste lehiaketa batean parte hartuko du. Oraingo honetan, New Yorkeko Rainbow Cinema Awards jaialdiko sail ofizialerako aukeratu dute zinta, eta jaialdiko finalaurrekoetan parte hartuko duten lanetako bat izango da.
Zinemagile ondarrutarraren iritziz, AEBetako LGTB film lehiaketa ospetsuan parte hartze hutsa “sari bat” da. “Sail ofizialean parte hartzeak ilusio handia egin digu. Finalerdietara ailegatzea, gainera, sekulakoa izan da. Nire ustez, New York moduko hiri ezagun eta jendetsu bateko jaialdian parte hartzea ondo etorriko zaigu gaiari zabalkundea ematerako orduan, eta LGTBIQ kontuetan asko mugitzen den hiria da, gainera”.
Ekai lana mundu guztian batetik bestera “hegan” ari dela ere gogora ekarri du Ibarrak. Uztailaren amaieran, esaterako, Indiako Cosmo nazioarteko film laburren jaialdian publikoaren sari berezia ere jaso zuen.