Ondarroa gorriz janzteko deia egin du arraun elkarteak
Kontxako sailkatze estropadak "ateak itxita" egingo direnez, arraunlariei bultzada emateko nahiagaz zaleei herriko kaleak gorriz janzteko eskatu diete.
Egunotan jokatuko dira Donostiako uretan Kontxarako sailkatze estropadak. Aurten, baina, COVID-19ak eragindako osasun egoera tarteko, estropadak “ateak itxita” eta aldaketa bat edo bestegaz egingo dira. Arraunlarien pilaketak saihesteko egun berean jokatu ordez bi egunetan jokatuko dituzte sailkatze estropadak: eguaztenean [irailak 2] 17:30ean hasita, emakumeen txanda izango da eta eguenean [irailak 3], ordu berean, gizonezkoena. Zaleek nahitaez etxetik jarraitu beharko dute proba, baina herriko bi traineruak animatzeko era egongo dela azpimarratu dute Ondarroa Arraun Elkarteko kideek.
Estropada eremura herriko taldea animatzera ezingo denez joan, zaleei beste era batera antolatzeko eskaera egin diete. Hain zuzen ere, herri kaleak gorriz janzteko deia egin dute. “Arraunlariek Donostiako portuko arranplan iaz eduki zuten bultzada edukitzea ezinezkoa izango da aurten, baina entrenamendura edo probetara doazenean herritarren babesa dutela sentitzea nahi dugu. Arraun elkarteko maskara, kamisetak, jertseak edo biserak soinean eramatera, banderak balkoietan eskegitzera… deitzen ditugu zale eta herritarrak. Hurrengo bi egunotan bi taldeek dena beharko dute, eta herriak bultzada bat ematen badu, hura gehiago”.