Zaldupeko berdeguneko mantentze lanak egin dituzte
Mantentze lanez arduratzen diren langileek koko zuntzen geruza bat bota dute belar artifizialaren gainean.
Ondarroako Udalak iturriek iragarri dutenez, Zaldupe udal futbol zelaiko berdeguneko mantentze lanak egiten hasi dira gaur [irailak 1] goizean. Zehatz esanda, koko zuntzen geruza bat botatzen ibili dira belar artifizialaren gainean. 20 bat tona koko zuntz ekarri dituzte mantentze lanak egiteko. “Ziurrenik dena ez dute botako. Mantentze lanen arduradunak esan digunez, zati bat gorde egingo dute geroago egon daitezkeen beharrizanetarako”.
Udal iturriek gaineratu dutenez, lanak iluntzera orduko amaitu nahi dituzte. Izan ere, Aurrerako nagusi mailako gizonezkoen taldea gaur hasiko da aurredenboraldia prestatzen. “Gure nahia entrenamenduetara dena prest edukitzea da”. Atzo [abuztuak 31] baieztatutakoaren arabera, 3. mailako taldeak urriaren erdian ekingo dio denboraldi berriari.