Eukaliptoek ingurumena "larri" kaltetzen dutela diote adituek
Eraginak zeintzuk ian daitezkeen ikertzeko, ehunka lan zientifiko aztertu dituzte. Ekologistek ondorioak ontzat eman dituzte, eta landaketak etetea eskatu dute.
Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko aditu talde batek elkarlanean ondutako ikerketa batek ondorioztatu duenez, eukaliptoaren landaketen hedatzeak “ondorio negatibo argi eta sistematikoak” sor ditzake ingurumenean, bai lurzoru eta hidrologian eta baita biodibertsitatean ere. Are gehiago, arriskuan dauden espezieen euskal katalogoan sartutako espezie gehiago mehatxupean jarri ditzakeela dio ikerlanak.
Eraginak zeintzuk izan daitezkeen ikertzeko, ehunka lan zientifiko aztertu dituzte. Txosten egileek ohartarazi dutenez, egindako azterlan zientifiko guztien emaitzek “argi eta sistematikoki erakusten dute eukaliptoek eragin kaltegarria dakarkiotela ingurumenari. Bai euskal lurraldeetan, baita Penintsulako gainerako lekuetan ere”.
Errentagarritasuna dela eta, eukalipto landaketak gehitu egin direla dio txostenak
Ondorio larrien artean honakoak aipatzen dituzte, esaterako: lurzorua lehortzea, egitura fisiko eta kimikoa eraldatzea. “Zuzenean eragiten diote tokiko biodibertsitateari, eta kaltetu eta suntsitu ere egiten du”. Azterketaren arabera, eraginak ez dira horren begi bistakoak ugaztunen artean, baina eragin negatibo nabarmenak eragiten dituzte. Eukalipto orbelek, esaterako, beste landare espezie batzuen hazkundea geldiarazten du. Zuhaitzen landaketen gorakadak, gainera, sute arriskua ere areagotzen duela ondorioztatu du ikerketak. “Beste baso espezie batzuen aldean, eukalipto landaketek ez dituzte arriskuak murrizten, areagotu baizik”.
Australiatik eta Asia hego-ekialdetik datorren hazkunde lasterreko zuhaitzaren zura beste espezie batzuena baino argiagoa da, eta gehiengoa papergintzara bideratuta dago. Errentagarritasuna dela eta, landaketak gehitu egin direla dio txostenak. Eukalipto basoek hartutako eremua laukoiztu egin da Bizkai, Araba eta Gipuzkoan azken hiru hamarkadetan, eta gaur egun hiru lurraldeen %2,6 azalera hartzen du espezieak; datuei erreparatuz, Bizkaiko kostaldean du presentziarik handiena.
Txostenak, baina, hautsak harrotu ditu han-hemenka. Ekologistek ondorioak ontzat eman dituzte; landaketak etetea eskatu dute, ingurumenean dituen ondorio larriengatik. Are gehiago, azkenaldian Bizkaian intsignis espezieko pinudiak bota eta eukalipto landaketak ugaritu egin direla salatu dute. Lea-Artibaiko Eguzki Talde Ekologistako kideen iritziz, pinudiek galdutako eremua eukaliptoz ordezkatzea “kezkagarria” da.
Eukaliptoen ordez bertako basoen azalera handitzea proposatzen du Eguzkik
Eguzkik azaldu duenez, onddo marroiaren gaixotasuna hedatzen hasi zenetik “era masiboan” ari dira pinuak mozten, “bai Lea-Artibain, Bizkaiko beste zonalde askotan eta Gipuzkoan ere”. Ohartarazi dutenez, ehunka pinu hektarea moztu dituzte orduz geroztik, eta eukaliptoagatik ordeztu. Eukalipto landaketak saihesteko orduan, gainera, aldundiek ez dutela azaro horiei aurre egiteko inolako araudirik garatu diote. “Monolaborantza hori lur publikoetatik kentzeko ez dago plangintzarik”.
Ekoizpen eredu intentsiboa alde batera laga, eta beste kudeaketa eredu bat behar diote talde ekologistako kideek. Alternatiba modura goi mailako balio ekologikoa duten bertako basoen azalera handitzea proposatzen dute, horien biodibertsitatea bermatuz eta azalera handituz. “Merkatuan balio handia duten haritza, gereziondoa, gaztainondoa edo pagoa bezalako bertoko espezieen kalitateko egurraren produkzioarekiko apustua egin behar litzateke. Arrazoi hauek guztiak kontuan hartuz, aldundien aldetik laguntza ildo zehatzak ezartzea proposatzen dugu lursail pribatuentzat baso laguntza berriak sortuz”.
Sektoreak bizi duen krisiaren jakitun, “lurzoruaren emankortasuna errespetatuko duen basogintzaren alde” egitea beharrezkoa dela diote, eta dei berezia egin diete landa eremuko lurjabeei. “Ingurumenerako kaltegarriak diren honako zuhaitz espezieak alde batera utzi ditzatela eskatu nahi genieke, diru iturri azkarretan soilik pentsatzeari utzi eta lurraren emankortasuna eta ingurumen kalteak ere baloratuz”.