7.600 bonu sorta ipiniko ditu eskuragarri Loratu Mutriku bonu kanpainak
Bonu sortak herriko 63 saltokitan erabili ahal izango dira, irailaren 15etik azaroaren 15era. Bonu bakoitzak 35 euro balio ditu eta bakoitzaren eros ahalmena 50 eurokoa da.
Mutrikuko Udalak Loratu Mutriku bonu kanpaina aurkeztu du. COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko planaren barruan kokatu dute kanpaina, eta udal iturriek azpimarratu dutenez, koronabirusaren krisiak kaltetutako herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako jarduera komertziala berreskuratu eta suspertu nahi dute, herriko familien ekonomian lagunduz. Denetara, 7.600 bonu sorta jarriko dituzte herritarren eskura hilaren 15etik aurrera, eta horiek azaroaren 15era bitartean erabili ahal izango dira.
Herritarrek kanpainara atxikitu diren 63 establezimenduetan erabili ahal izango dituzte bonu sortak; “bonuak bertan erabili daitezkeela azaltzen duen ikurra eta itsasgarria bistara edukiko kanpainara atxikitutako saltokiek”. Datozen egunotan herritarrek kanpainari buruzko informazio gida jasoko dute euren etxeetan, eta atxikitu diren saltokien arduradunei ere kit berezia banatuko diete. “Tartean bonuak faltsuak diren edo ez egiaztatzen duten argi ultramoredun linterna bat ere emango zaie”.
Zehaztu dutenez, bonu sorta bakoitza zazpi bonuz osatuta dago: 10 euroko hiru bonuz eta 5 euroko laurekin. Bakoitza 35 euroren truke eros daiteke, eta horien eros ahalmena 50 eurokoa izango dela aurreratu dute.
Turismo Bulegoan egongo dira eskuragarri bonu sortak kanpainak irauten duen artean, eta horien martitzenetik zapatura erosi ahal izango dira 10:00etatik 14:00etara bitartean. Mutrikun erroldatuta eta 16 urte baino gehiago edonork erosi ahal izango ditu bonu sortak; gehienez ere bi erosi ahal izango ditu herritar bakoitzak. “Bonuak erosterako orduan nortasun agiria erakutsi beharko da, eta norbaiti bertaratzea ezinezkoa bazaio, lagun edo familiako kideren batek eros ditzake bere nortasun agiriaren kopia batekin”. Azpimarratu dutenez, bonuak erosterako orduan txartelaz ordaintzea lehenetsiko da. “Ezinezkoa den kasuetan bakarrik onartuko da dirua”.
Bonu sortak, bestalde, norberak nahi dituen modura erabili ahal izango dira. “Guztiak aldi berean zein banaka erabili ahal izango dira. Hori bai, erosketaren balioa bonuaren bera edo gehiagokoa izan beharko da”.