Martxotik hutsik egon diren ikasgelak betetzen hasi dira ikasleak
Aurrez aurreko eskolei ekin diete gaur Lea-Artibai eta Mutrikuko ehunka ikaslek. HH, LH eta DBH 1 eta 2koen txanda izan da gaurkoan.
Hasi da 2020-2021 ikasturtea. Motxila hartu, eta eskolarako bidea egin dute gaurkoan [irailak 7] berriro ere Lea-Artibai eta Mutrikuko ehunka ikaslek; sei hilabetez hutsik egon diren ikasgeletara bueltatu dira. Hain zuzen ere, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBH 1 eta 2 mailetako ikasleen txanda izan da gaurkoan. DBH 3 eta 4. mailako ikasleek eta Batxilergokoek, bestalde, irailaren 14 eta 15ean ekingo diote ikasturte berriari.
Dudarik barik, koronabirusaren ikasturtea izango da aurtengoa. Iratzargailua ipini, hezkuntza zentroetara buelta egin, aspaldi ikusi gabeko lagunekin eta irakasleekin topo egin… eta urteroko berritasunez gain, eskolara sartzeko orduan COVID-19aren hedapena geldiarazteko hartu beharreko aparteko segurtasun neurri zorrotzak izan dira gaurko protagonista nagusiak.
Martxoan azkenekoz eskolara joan zirenetik asko aldatu dira gauzak. Sei urtetik gora ikasleek, esaterako, maskara jantzita egin dute eskolara bidea, eta irakasleek ere halaxe eman diete ongietorria. Horrez gain, ikasleak ahalik eta modurik antolatuenean sartu behar izan dira ikastetxeetara eta dagokien ikasgeletara, eta segurtasun distantziak eta higiene neurriak betetzea nahitaezkoa izango da hemendik aurrera.