Egoera berrira ondo egokituta, urrian ligari ekiteko gogoz dago Ondarroako Aurrera
Eladino Gonzalez Aurrera Kirol Elkartearen presidentearen berbetan, Errege Kopara sailkatzeko play off-a lehiatzeko aukera edukitzea «opari bat» da. Gonzalezek dio eurek bi helburu eta bi erronka dituztela. Erronka bat ekonomikoa da.
Pandemiaren aurreko protokoloak eta kontigentzia planak betez, irailaren 1ean hasi zen entrenatzen Aurrera. Federazioaren aurreikuspenak betez gero, urriaren 17-18ko asteburuan hasiko dute liga.
Ondarroako taldeak, baina, aurreko astean hitzordu garrantzitsua edukiko du. Errege Kopara sailkatzeko play off-ak lehiatuko dituzte. Eladino Gonzalez Aurrera Kirol Elkartearen presidentearen berbetan, aukera hori edukitzea «opari bat» da: «Guretzat denboraldia urriaren 7an hasiko da Gasteizen, Urgatziren kontra, eta asteburu horretan Ondarroan jokatuko dugu Anaitasunaren kontra. Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban txapeldun geratu ginen hiruretako bat sailkatuko da. Ea lortzen dugun kopan sartzea. Sari bat da, eta ilusio handia egiten digu».
Ligan bestelako helburuei begira lan egingo du Aurrerak. Gonzalezek dio eurek bi helburu eta bi erronka dituztela. Erronka bat ekonomikoa da. «Oso gogorra izango da. Partiduak ateak itxita edo jende gutxigaz eta protokolo handiagaz jokatu behar baditugu, gastuak asko handituko dira, eta sarrerak gutxitu. Badakigu egoera oso gogorra dela denontzat, baina ea laguntzak lortzen ditugun, ez bakarrik instituzioetatik, baita jendearen laguntza ere».
Etxeko partiduak zaleek ikusteko aukera edukitzea aztertzen ari dira: «Asko kezkatzen gaituen bigarren erronka da bazkideei zelan erakutsi Aurrera. Futbol zelaian ezin badute egon, taldea zelan ikusiko duten. Ez da erraza. Orain erronka handiena da».
Mendeurrena ahal den moduan ospatzea dute helburu. Urte osoan, bi denboralditan, pandemiak lagatzen dizkien ekintzak eta gauzak egingo dituztela iragarri du presidenteak: «Ideia batzuk genituen, baina orain ezin dira gauza batzuk planteatu. Ez dakigu zelan egongo garen datorren urtean». Bazkideekin harreman zuzena izatearen garrantzia azpimarratu du. Egiten ari direna zelan komunikatu da euren kezketako bat: «Jakin behar dute zer egiten ari garen. Gazteek sare sozialak dituzte, baina nagusiagoek ez. Batzar bat deitu nahi dugu, baina ez da erraza dauden mugekin».
3. mailan, «urte askotan». Kirol mailan helburua argia da: mailari eustea. «Dena eman behar dugu hasieran, puntuak pilatzeko. Hori lortzen badugu, gero errazagoa izango da. Kategoria mantentzea da helburua, eta oso gogorra izango da, sistemagatik eta gure multzoa pixka bat gogorragoa delako. Zenbat eta partidu gehiago irabazi, errazago edukiko dugu. Dena ematera irten, eta partiduz partidu irabaztera joan behar gara». Hirugarren Mailan «urte askotan» geratu nahi dute: «Lehenengo bi urteak dira gaitzenak, eta aurten oraindik gaitzagoa aldaketengatik».
Aurrerak mailaz igotzea lortu zuenez, arautegiak behartutako aldaketak egin behar izan ditu: «Hirugarren mailan, gehienez, 23 urtetik gorako 16 jokalari eduki ditzakezu. Aurreko denboraldian 23 urtez azpiko jokalari bakarra geneukan, eta aldaketa egitera behartuta egon gara, eta egin dugu». Halere, «jarraipeneko» taldea dela zehaztu du, eta aurreko denboraldikoekin eta fitxaketekin mailari «aurre egin» ahal dietela uste du Gonzalezek.
Denboraldi-aurreko lehen partidua zapatu honetan jokatuko dute, ateak itxita. Urdulizen jokatuko du talde ondarrutarrak: «Egoera oso arraroa da. Kirol mailan jendea fin ikusi dugu, sasoian etorri da, eta gogo handiagaz».
Entrenatzen hasi baino lehen test serologikoak egin zizkieten Aurrerako jokalariei, eta denek negatibo eman zuten bai IgM eta IgG probetan: «Inork ez zeukan, eta inork ez du pasa».