Lesakako Rallysprinta irabazi du Aitor Saizar berriatuarrak
Peugeot 207 Super 2000 berriagaz kirol ibilbideko lehen garaipena lortu du pilotu berriatuarrak. Alazne Apalantza kopilotu duela korritu duen estreinako lasterketa izan da; lau tarteak osatzeko 24 minutu, 39 segundo eta 70 ehuneneko behar izan dituzte.
Alazne Apalantza kopilotuagaz egindako lan onari esker, Lesakako XVII. Rallysprinteko helmugan lehen postuan gurutzatu du Aitor Saizar gidari berriatuarrak. Euren kategorian ez eze, sailkapen orokorrean ere azkarrenak izan ziren. Peugeot 207 Super 2000 berriagaz hegan egin zuten Lesaka inguratzen duten errepideetan. Lasterketako lau tarteak osatzeko 24 minutu, 39 segundo eta 70 ehuneneko behar izan zituzten; bigarren sailkatuak baino 13 segundo eta 90 ehuneneko gutxiago. Bigarren Hondarribiko Sardara elkarteko Mattin Villares eta Jon Zozaia izan ziren eta podiumeko hirugarren postua talde bereko Joseba Lasa eta Maitane Martiarenak lortu zuten.
Saizarrek esan duenez ez zuen ohiko kopilotuagaz egin lasterketa. “Normalean Gorka Aginaga ondarrutagarraz batera joaten naiz, baina oraingoan Alazne Apalantzagaz joan naiz. Biok batera estreinako joan ginen, eta emaitza ikusgarria izan da; oso ondo moldatu ginen. Zortzi urte lasterketetan parte hartu barik egon da, eta gure autoaren babesletako bat denez, urtebetetze opari modura gonbidatzea erabaki nuen”.
Ilusio berezia egin dio Lesakako txapelak. Duela hamar bat urte lehiatzeari ekin zionetik irabazten duen lehen rallya dela nabarmendu du. Probaren bat edo bestean igo da podiumera, eta kategoriago txapelen bat edo beste ere irabazi ditu, baina inoiz ez sari nagusia. “Azkenaldian beti ibili naiz goiko postuetan borrokan, baina honakoa lehenengoa da. Helmugara heldu eta ez nuen sinetsi ere egin txapela gurea zenik. Txapela buruan ipini zidatenera arte ez nintzen horretaz jabetu”.
Lehenengo tartetik azkarrenak izan ziren, baina lasterketa irabazterako orduan azken tartea erabakiorra izan zela agertu du Markina-Xemeingo Hamaika automobil taldeko kideak. “Azken tartean estutzea pentsatu genuen, eta uste baino hobeto irten ziguten gauzek. Geneukan dena ematera atera ginen, eta, zorionez, emaitza aldekoa izan zen”. Lasterketa, gainera, “inolako gorabehera berezirik” gabe egin zuten. “Arazo txiki bat eduki genuen abiadura aldagailuagaz. Arazoari konponbidea eman, eta dena ondo joan zen; esperotakoa baino hobeto”.
Aurten ekarri du Peugeot 207 Super 2000 autoa, lehendik zuen Renault Clioa saldu ostean. Saizarrek baina argi dauka aurtengoa autoa probatzeko urtea izango dela; bertara egokitzea da bere helburu nagusia. Zamudioko rallyan eta Goilurrak proban parte hartu ostean, Lesakako lasterketa aurten korritu duen hirugarren lasterketa izan da. “Oraindik ere autora ohitzen nabil, baina emaitzak uste baino hobeagoak izaten ari dira epe motzean”.
Lea-Artibaiko parte hartzea. Saizarrez gain, Lea-Artibaiko beste hainbat pilotuk eta kopilotuk parte hartu zuten proban. Etxebarriko Kastinparro Racing Txus Jaio eta Jesus Urkidi markina-xemeindarrek sailkapen orokorrean seigarren amaitu zuten (26.01,30). Eta euren kategoriako bigarren ere izan ziren. BMW M3agaz R kategoriako bigarrenak izan ziren. Etxebarriko Kastinparro Racing taldeko Gorka Antxustegi markina-xemeindarrak eta Mirari Arrutik, bestalde, 12. amaitu zuten sailkapen orokorrean (26.51,80). Clio Maxiagaz F2 kategorian bigarrenak izan ziren.