Ondarroako merkatua Berdura Plazara bueltatu da
Jende asko batu da gaur goizean azokan, batez ere 08:00etatik 10:00etara bitartean.
Ikasturte hasieragaz batera, Berdura Plazara bueltatu da nekazal azoka. COVID-19ak sortutako osasun alarmaren ondorioz Ondarroako Udalak Zaldupe ikastetxeko jolastokira lekualdatu zuen, eta lau hilabete eta gero ohiko lekura itzuli da gaur [irailak 8].
Ohi modura, jende asko batu da gaur goizean azokan, batez ere 08:00etatik 10:00etara bitartean. Ohiko postuez gain, 16 ekoizle egon dira; martitzenetan eta zapatuetan egoten diren gehienak postua prest eduki dute erosleak artatzeko. Zaldupen egon diren hilabeteetan pozik egon direla azaldu dute ekoizleek, baina Berdura Plazan egotea nahiago dutela azpimarratu dute.
Martitzenetako eta zapatuetako bost ekoizle plazan bertan dauden postu finkoetan ipini dituzte, distantziak mantentzea errazago izateko. Udalak jakitera eman duenez, ekoizleen oniritziagaz egin dute berrantolaketa, eta beronen helburua ekoizle eta kontsumitzaileen segurtasun neurriak bermatzea da.