Unai Irazabal ondarrutarrak hirugarren egin du Espainiako Surf Txapelketan
Longboard munduan hasiberria bada ere, Espainiako Surf Txapelketan erakustaldi ederra eman du. Parte hartu duen lehen txapelketan ezustekoa eman, eta bigarren postua lortzeko zorian ere egon da.
Abuztuaren 31tik irailaren 6an Valdoviñoko (Coruña, Galizia) A Frouxeira hondartzan jokatu den Espainiako Surf Txapelketan parte hartu du Unai Irazabal Zubikarai ondarrutarrak. Longboard espezialitatean parte hartzeko aukera izan du, eta Junior mailan gizonezkoen 18 urtez azpiko kategorian emaitza bikaina lortu du. Hain zuzen ere, brontzea lortu du estreinako parte hartu duen txapelketan. Nicolas Garciak (14,77 puntu) irabazi zuen txapelketa, atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Iago Formosel (10,77 puntu), Unai Irazabal (9,63 puntu) eta Alex Dicenta (5,57 puntu).
Ondarrutarra orain arte surfean aritu da, baina longboard munduan hasiberria da. “Kantabria aldean hasi nintzen surfeatzen duela hilabete inguru. Surfeatzen ari nintzela, Espainiako Surf Federazioko kide batek ikusi ninduen. Txapelketa batean parte hartzera ausartzen nintzen galdetu zidan, eta horrela suertatu zait Espainiako txapelketan parte hartzeko aukera”.
15 urte betetzear da ondarrutarra, baina esan duenez, txapelketan zaharragoen aurka ere aritu behar izan zuen. “Longboardeko junior kategorian 18 urtetik azpiko txapelketa jokatu zen bakarrik. Nire aurkarietako batzuk 17 urte ere bazituzten”.
Irabazabalek azaldu duenez, bi txanda jokatu behar izan zituen final handirako txartela lortzeko. “Kanporaketa txanda jokatu genuen lehenengo, eta, ostean, finalaurrekoa. Kanporaketan olatu oso txikia egon zen, eta finalaurrerako, zorionez, olatuak hazi egin ziren”.Finala, berriz, biharamun goizean jokatu zuten. Itsas baldintzak aurreko egunean baino zer edo zer gogorragoak izan ziren. Olatu handiak egon ziren: metro eta erdi ingurukoak. “Surfean taula luzeekin aritzen garenontzat olatu handiak dira”.
Finala oso lehiatua eta bizia izan zen, eta Irazabalek taula gainean duen abilezia erakusteko aukera ederra eduki zuen. Ondo sentitu zen taula gainean, eta erakustaldi polita eskaini zuen. Dotore aritu zen, eta zilarra lortzeko zorian ere egon zen. “Txanda amaitzeko 50 segundoren faltan Iago Formosel aurkariak olatu eder bat hartu zuen, eta ordura arte ziurtatuta nuen postua kendu zidan”.