Ana Urkiza ondarrutarra, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria izateko hautagai
Eusko Ikaskuntzaren idazkari eta diruzaina da gaur egun, eta Iñaki Dorronsoro lehendakariaren kargua ordezkatzeko hautagaitza aurkeztu duen bakarra da. Erakundearen Batzar Nagusia irailaren 19an burutuko dute, eta bertan aukeratuko dute lehendakari berria.
Ana Urkiza Ibaibarriaga (Ondarroa, 1969) ondarrutarrak Eusko Ikaskuntzako lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztu du. Erakundearen idazkari eta diruzaina da gaur egun, eta Iñaki Dorronsoro lehendakariaren kargua ordezkatzeko hautagaitza aurkeztu duen bakarra izan da. Eusko Ikaskuntzaren Batzar Nagusia irailaren 19an burutuko dute, eta bertan gauzatuko da kargu aldaketarako bozketa.
Lehendakari berria aukeratzeagaz gain, Kontseilu Errektoreko lurralde ordezkariak zeintzuk izango diren ere aukeratuko dituzte ekitaldian. Bost lagun aurkeztuko dira bertako kide izateko: Eguzki Urteaga EHUko irakaslea (Iparraldetik), Isabel Elizalde kontseilari ohia (Nafarroatik), Zelai Nikolas legelari eta Gure Eskuko bozeramaile ohia (Bizkaitik), Manu Olariaga ingeniaria (Gipuzkoatik) eta Asier Etxenike soziologoa eta Aztikerreko arduraduna (Arabatik).
Urkiza buru duen hautagaitzak aurkezten duen programak azken urteotan Eusko Ikaskuntzak egindako lana hartu du abiapuntu. Hurrengo lau urteotako programaren helburu nagusia Eusko Ikaskuntza, Euskal Herriko gizarte eta erakundeak inplikatu dituen herri estrategia bat garatzeko erreferente nagusi modura bultzatzea dela jakitera eman dute.
Gizarte eta Informazio Zientzietan Lizentziatua eta Linguistikan diplomatua da ondarrutarra eta enpresa eta komunikazio komertziala, banka komertziala eta zuzendaritza eta giza baliabideen graduondokoak ere egin ditu. Bankoan daramatza azken urteak; 2007tik, Barne Komunikazio eta Formazio Departamentua eta Giza Baliabideen Zuzendaritza daramatza. Deustuko Unibertsitatean ere Komunikazioa irakatsi du eta 2004tik 2006ra Euskal Idazleen Elkarteko Idazkari Kudeatzaile ere izan zen. Aurretik, komunikazioagaz arduratu zen Danobat Taldean eta Ideko Teknologia Zentroan.
Idazlea eta euskalgintza arloan ibilbide luzea egin du. Sortzaile modura, ipuin, poesia, aforismo eta haur eta gazte literatura liburuen egilea da; biografia eta itzulpena ere landu ditu, gainera. Zenbait literatura sari jaso ditu idazle lanengatik, eta komunikabideetan eta espezializatutako aldizkarietan kolaborazioiak egiten ditu. Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kidea da 2000tik, eta 2016an Elhuyar Saria jaso zuen, enpresetan euskara bultzatzeko egindako lanagatik.