‘Everesting’ laukoitza egin du Aitor Antxustegi berriatuarrak, 68 ordutan
Lekoiz 137 aldiz igota, erronka bete du. 980 kilometro egin ditu, 35.409 metroko desnibela pilatuz. "Denbora asko eskatzen duen lan bat amaitzea bezala da; pozik amaitzen duzu, gai izan zarelako".
Abuztuaren 31ko 08:00etan hasi eta hiru egun beranduago, irailaren 3ko 04:50ean Everesting laukoitza burutzea lortu zuen Aitor Antxustegi berriatuarrak Lekoizen. Guztira, 68 ordu eta 50 minutu behar izan ditu 980 kilometroko erronka amaitzeko, eta Lekoiz 137 aldiz igo du (35.409 metroko desnibela). Erronka beteta, pozik dagoela dio. “Denbora asko eskatzen duen lan bat amaitzea bezala da. Gai izan zarela sentitzen duzu. Nekatuta amaitzen duzu, noski, baina pozik, egiteko gai izan zarelako”, dio berriatuarrak.
Iazko irailean saiatu zen proba bera egiten. Baina erori egin zen, eta ezin izan zuen amaitu. «Ordutik, berriro ahalegina egiteko asmoa eduki dut». Esan eta egin.
Dena dela, horrelako erronka bat ezin dela edonoiz egin dio. «Ondo deskantsatuta egon behar duzu, eta eguraldi onagaz egin behar da. Neguan, esaterako, ezin da egin». Bere kasuan, «dena aldeko» eduki duela esan du. «Ilargi betea zegoen, eta horrek gauez hobeto ikusteko aukera ematen du. Tenperatura ona ere egiten zuen».
15 minutuko hiru loaldi. Lehen egunean, sei edo zazpi igoera eta gero geratzen zen zer edo zer jateko. «Bigarren egunean bost igoera egin orduko. Azken egunean, baina, hiru igoera egin eta gero jaten nuen. Azken egunean patxadaz joan nintzen. Helburua amaitzea zen».
Lehenengo gauean ez zuen lorik egin, baina bigarren gauean 15 minutuko hiru atseden hartu zituela esan du. «Bigarren gauean ikusi nuen makalago nengoela. Eta lehendabiziko gauza osasuna denez, nahiago izan nuen lo egin. Hiru aldiz lo egin nuen, bakoitzean 15 minutu. Bizikletako arropekin autoan etzaten nintzen, eta 15 minutu pasatu eta gero, berriro bideari ekiten nion».
Erronkak iraun duen bitartean, ezustekoren bat edo beste ere eduki dutela esan du. «Orkatz bat agertu zitzaigun Lekoiz jaisten ari ginela, eta horrek ezustekoa eman zigun. Katuak ere agertu zaizkigu bidean, eta txori bat ere jo nuen».
Urkiolan ere everesting-a egindakoa da Antxustegi, baina Lekoiz egokiagoa dela deritzo. «Lekoiz Urkiolaren erdia da gutxi gorabehera. Aldatz behera Urkiolan nekatu egiten zara, bihurgune asko daude, eta denbora luzez joaten zara frenatzen. Lekoizen, ostera, makurtu eta ia-ia frenatu barik beheraino zoaz. Eta inguruko lagunak etortzeko ere eskurago dago».
Laguntzaileen garrantzia. Izan ere, erronka egiteko, 30 bat laguntzaile eduki ditu Antxustegik. «Batzuk bi egun etorri dira, baita hiru egunetan ere. Gau batean markina-xemeindar bat goizaldera arte egon zen. Nik hori asko eskertzen dut. Izan ere, gauez, bakarrik bazaude logurea errazago heltzen zaizu. Egunez ere jende asko etorri da. Dena dela, hamar lagun baino gehiago ez gara momentu batean ere batu. Txandaka ibili dira».
Marino Lejarreta ere etorri zen ikustera. «Ilusioa egin zidan. Lehen ni joaten nintzen bera ikustera, eta orain bera etorri da ni ikustera».
Erronka hau beteta, datorren urtean everesting boskoitza egin ahal duela dio. «Hori ikusiko dugu. Everesting-en arauek diote lehenengoa lo egin barik egin behar dela, baina hortik aurrera, everesting bakoitzeko 2 ordu lo egin ahal dira. Boskoitza egiteko, beraz, guztira zortzi ordu lo egin ahalko nituzke».
Dena dela, berari laguntzen egon diren batzuk everesting-a egiteko ahalmena dutela dio. «Animatu daitezela! Ni eurei laguntzera joango nintzateke».