Kultur Uheri ekimena arrakastatsua izan dela esan du Ondarroako Udalak
Ekimenari buruzko balorazio positiboa egin du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak. Eguraldi txarrarengatik lekua aldatu behar izan direnean ere artistek eta ikusleek erakutsitako eskuzabaltasuna ere eskertu du zinegotziak balorazioan.
Aurreko asteburuan amaitu zen Ondarroako Kultur Uheri ekimena. Zaldupe ikastetxe publikoko jolastokian Biren eta Patxi Saizek emandako kontzertuekin agurtu zuten aurtengo udan abian ipinitako kultur ekimena. Udal iturriek jakitera eman dutenez, estreinako egin duten kultur ekimena arrakastatsua izan da eta, aldi berean, kultura “uhera luze eta ederra” laga du herrian.
Ekimenari buruzko balorazio positiboa egin du Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak. Azaldu duenez, herritarren mezu asko jaso dituzte, gehienak onak. “Guretzako ere ederra da herritarrek gozatu egin dutela ikustea. Artistek ere kulturarentzako hain zaila den une honetan eskertu dute gure apustua. Aurrerantzean ere, egoera hobetzen ez bada, halako jarduerak antolatzeko prest dago Ondarroako Udala. Eskerrak eman nahi dizkiet ekintzaren bat ikustera etorri diren guztiei. Egoeraren berezitasuna kontuna hartuta ez da erraza izan gauza asko normaltasunez egitea, baina ikusleen jarrerak eta arauak betetzeak asko erraztu ditu gauzak ikuskizun guztietan”.
Eguraldi txarrarengatik lekua aldatu behar izan direnean ere artistek eta ikusleek erakutsitako eskuzabaltasuna ere eskertu du zinegotziak balorazioan. Turismo Bulegoari ere eskerrak eman die, sarreren salmentaz arduratzeagatik. Baita Zaldupe ikastetxeari eta ekintzen antolaketa lanetan laguntzen ibili diren zazpi herritarrei ere.
Aristondok azpimarratu duenez, azken asteotan ahalik eta egitarau anitzena antolatzen ahalegindu dira, eta horretarako Berdintasun sailaren laguntza ere eduki dutela gaineratu du. “Kultur jaialdi bat antolatzeaz gain ekintzak mezu zehatzak transmititzeko tresna modura baliatzen zen gure asmoa, eta uste dut lortu dugula: berdintasuna, aniztasuna, euskara, sormena…”. Astero ekintza bat umeentzako izatea ere oso garrantzitsua iruditu zaiela ere esan du. “Kultura denontzat da, eta guk hori sustatu behar dugula aldarrikatu nahi izan dugu nolabait. Funtsean, badagoela kultur jarduerak antolatzeko aukera ere koronabirusaren garaian”.
Bost ekintzatan, bestalde, aurrez ezarritako aforoa bete ere egin dela ere jakitera eman dute. Tio Teronen Semeen dantza ikuskizunean, bertso saio musikatuan, Biren eta Patxi Saizen kontzertuan, Dantza eta LaSala konpainien dantza emanaldietan eta Inpro Komeryak bakarrizketa saioetan, esaterako, sarrera guztiak agortu ziren.