Urriaren 31n izango da Ondarroako Liburuen Amuak ekimeneko lehen hitzordua
Karmele Jaioren 'Aitaren etxea' liburuari buruzko solasaldiagaz emango diote hasiera ikasturteari. Maiatzera bitartean, beste lau proposamen landuko dituzte.
Ikasturte berriagaz batera ailegatu da Ondarroako Udalak antolatutako Liburuen Amuak ekimena ere. Udal iturriek jakitera eman dutenez, ekimenaren aurtengo ikasturteko eskaintza prest dute. Urriaren 31n hasiko du ibilbidea egitasmoak Karmele Jaioren azken lanari buruzko solasaldiagaz, eta maiatzera bitartean, beste lau proposamen landuko dituztela iragarri dute. Tartean, koronabirusa dela eta maiatzean bertan behera utzi behar izan zen Friedrich Dürrenmatt idazleak sortutako eta Idoia Santamariak itzulitako Epailea eta haren borreroa lanari buruzko solasaldia ere egongo da.
Literatur zaleak, ohi modura, hilabeteko azken zapatuetan elkartuko dira Txomin Agirre udal liburutegian, eta Joxemari Urteagaren gidaritzapean bi orduko saioari ekingo diote; 10:00etatik 12:00etara, hain zuzen, liburu bati buruz jarduteko aukera egongo da. Ohartarazi dutenez, liburuen buruzko solasaldiak segurtasun neurri guztiak beteta egingo dira, “momentu bakoitzean indarrean dauden neurrietara moldatuz”.
Euskal literatura zaleen topagunean parte hatu nahiez gero aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela azpimarratu dute. Solasaldietan parte hartzeko bi bide daude: batetik, euskara zerbitzuko 94-683 36 68 telefonora deitu edo mrey@ondarroa.eus posta elektronikora idaz daiteke edota, bestetik, liburutegiko 94-683 33 43 telefonora deitu edo liburutegia@ondarroa.eus posta elektronikora idatzi.
EGUTEGIA:
- Urriak 31. Karmele Jaioren Aitaren etxea.
- Azaroak 28. Friedrich Dürrenmatten Epailea eta haren borreroa.
- Otsailak 27. Sergei Dovlatoven Maleta.
- Apirilak 24. Irati Elorrietaren Neguko argiak.
- Maiatzak 29. Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan.