Galbaixo jairik ospatuko ez denez, herritarrei "zentzuz jokatzeko" eskatu die udalak
Udazkenaren atarian "adi eta zuhur" jarraitu behar dela esan dute udal ordezkariek. "Denon ardura izaten jarraitzen du, nor beretik hasita".
Uztailean esan zuen Galbaixo jai batzordeak aurten ez zela Galbaixo jairik ospatuko. Orain, ostera, udalak ere erabakia berretsi du. Erabaki horiek guztiak “mutrikuar guztien osasunaren zaintza gogoan edukita” hartu dituztela esan dute. “Urte osoan malenen zain egon ondoren, ez genuen Malen jairik izan, eta, tamalez, uda osoan zain egon ondoren ere ez dugu Galbaixo jairik izango. Aurten ez da jai giroaz gozatzea tokatzen”.
Udal ordezkariek zentzuz jokatzeko eta “damua ekarri” ahal duten erabakiak hartu aurretik ondorioetan pentsatzeko eskatu diete herritarrei. “Egun bateko pozak ondorio nekagarriak ekarri ahal dizkigu, eta halakorik merezi ote duen ondo pentsatzeko eskatu nahi dizuegu. Helduko dira une hobeak lagunartean eta jai giroan gozatzeko. Hartu dezagun patxadaz, lasai, herritarren arteko osasuna zainduz. Denok izango dugu onura denok zentzuz jokatzen badugu”.