Euskaraldiak ikastetxeetan lantzeko material didaktikoa aurkeztu du
Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo eta Lanbide Heziketara arteko unitate didaktikoak dira aurkeztu dituztenak. Hiru fasetan banatu dute formakuntza.
Ofizialki Euskaraldia azaroaren 20an hasiko bada ere, beroketak egiteko sasoia hasi da. Bide horretatik, Ikastolen Elkarteak, Gipuzkoako Urtxintxa eskolak eta Irrien Lagunak elkarteak sortutako material didaktikoa aurkeztu dute, ikastetxeetan lantzeko; baita hezkuntza ez-formalean eragiteko ere.
Zehaztu dutenez, materiala ez da bakarrik gaztetxoenetan zentratzen; Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergo eta Lanbide Heziketara arteko unitate didaktikoak aurkeztu dituzte. Hiru fasetan banatu dute formakuntza: lehena, Euskaraldirako prestaketa izango da, ikasleak girotzeko.
Bigarren fasea Euskaraldia bera da: azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte, euskararen erabilera bultzatu eta hizkuntza ohiturak aldatzean zentratuko da. Eta, azkenik, hirugarren fasea Euskaraldia bukatzean hasiko da: azken horrek bi aste horietan emandako aurrerapausoak eta aldatutako hizkuntza ohiturak mantentzea du helburu.
Haurrekin eskolatik kanpo aritzeko beste metodologia batzuk ere sortu dituzte, erakargarriagoak izan daitezen. Horiek horrela, urrian Irria aldizkariaren zenbaki monografiko bat kaleratuko dutela jakinarazi dute, 2 eta 8 urte bitarteko haurrei zuzendua.
Irrien lagunak elkarteko Garazi Urrosolok adierazi duenez, «ahalegin berezi bat» egin dute unitate didaktikoak hezkuntza ez-formalera egokitzeko, «haurrekin modu ludiko eta erakargarrian jarduteko aukera ematen baitu horrek». Hain zuzen ere, Irria aldizkariaren ale monografikak asmo horri jarraitzen diola argitu du. «Argitaratzen denean Euskal Herriko ikastetxe guztietara zabalduko da».
Gipuzkoako Urtxintxa eskolako koordinatzaile Maite Asensiok gaineratu du hizkuntza praktiken aldaketan haurrek jokatu dezaketen rol aktiboa garrantzitsua dela. Zentzu horretan, unitate didaktikoek haur eta lehen hezkuntzan «eragin handia» eduki dezaketela gaineratu du.