Oihana Kortazarrek nagusitasun osoz irabazi du Canfraceko maratoia
45 kilometro eta 4.000 metroko desnibela duen ibilbidea osatzeko 6 ordu, 37 minutu eta 28 segundo behar izan ditu. Bigarren sailkatuari ordubeteko aldea atera dio Mutrikun bizi den kirolariak, eta hirugarren sailkatuari, berriz, ordubete eta hamasei minutukoa.
Asteburuan lau probaz (100, 75, 45 eta 16 kilometrokoa) osaturiko XIV. Canfrac-Canfrac mendi lasterketa ospetsua jokatu dute Pirinioetan. Zapatuan [irailak 12], esaterako, mendi maratoia jokatu zen, eta Mutrikun bizi den Oihana Kortazarrek nagusitasun osoz irabazi zuen proba. 45 kilometro eta 4.000 metroko desnibela duen ibilbidea osatzeko 6 ordu, 37 minutu eta 28 segundo behar izan zituen. Maria OrdoƱez bigarren sailkatua ordubetera helmugaratu zen (7.37.16). Eva Mesadok osatu zuen podiuma (7.53.27); proba osatzeko Kortazarrek baino ordubete eta hamasei minutu gehiago behar izan zituen.
Erakustaldi ikusgarria eskaini zuen Kortazarrek, eta lortutako emaitza bikainari esker lasterketaren historiaren parte bihurtu da. Mendi korrikalariaren iritziz, lasterketa oso gogorra izan zen. “Gogo handia nuen lasterketa hau egiteko. Oso lasterketa teknikoa da, baina ni ez nago hain lasterketa teknikoak egitera ohituta. Erronka pertsonal bat izan da niretzat. Normalean beste estilo bateko profila duten lasterketetan ibiltzen naiz; korrika asko egiten den lasterketetan, baina honek lasterketak alde horretatik gutxi du”.
Elgetarrak, gainera, eroriko ikusgarria izan zuen jaitsieretako batean, helmugara iristea arriskuan jarriz. Kolpe ederra hartu zuen Larracako jaitsieran, baina azkar berreskuratu zen. “Erarik eta ergelenean erori naiz, itxura denez, arrisku gutxien zegoen tokian”.
Lasterketa “inolako erreferentziarik gabe” egitea ere zaila suertatu zitzaiola azpimarratu du. Gaineratu duenez, proba “ezohikoa” izan zen. Osasun protokoloa dela eta, neurri zorrotzak ezarri zituzten antolatzaileek. Besteak beste, irteera era mailakatuan eman zuten. Parte hartzaileek euren artean kontakturik ez edukitzeko 30 segundoko aldearekin irten behar izan zuten. “Irteertatik irtetzen hamabosgarrena edo izan nintzen, eta bigarren irten zuen emakumeak nik baino 20 minutu beranduago irten zuen. Lasterketa egiten ari zaren bitartean atzetik datorren emakumeari kontrol puntuan txiparekin neurketa egin arte ezin duzu jakin lehenengo postuan zoazen ala ez, edo jaitsiera batean denbora murriztu badizu edo ez. Zentzu horretan 45 kilometroko erlojupeko bat bezala izan da; momentu batean ere ezin zara erlaxatu, horrek duen buruhaustearekin”.
Gizonezkoetan, berriz, Thibaut Baronianek irabazi zuen lasterketa (5.15). Samuel Davila (5.21) eta Miguel Angel Heras beteranoa (5.23), hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren helmugaratu ziren. Maxime Cazajousek 2018an ezarritako errekorrak (5.38) sendoa bazirudien ere, erraz gainditu zuten hirurek.