Iparraldearen eta Hegoaren arteko muga ikusgai dago Arretxinagan
Irailaren 27ra arte ikusgai egongo da Markina-Xemeingo Arretxinagako ermitan Jesus Mari Arruabarrena argazkilari durangarraren 'Muga' argazki erakusketa. Proiektuak Iparraldeko eta Hegoaldeko mugan egindako argazkiak biltzen ditu.
Arretxinagako ermitan ikusi daiteke egunotan Jesus Mari Arruabarrena argazkilari durangarraren Muga proiektua. Argazkilariaren eskutik inauguratu zen erakusketa joan den barikuan [irailak 11]. Musikagaz lagundutako aurkezpena egin zuen Arruabarrenak Txelu Angoitia argazkilariagaz lagunduta, eta Mikel Unamunzagaren musikak girotu zuen ekitaldia.
Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera ere eman zuen aurkezpenak. Argazkilariaren gidaritzapean ikusi zuten erakusketa ekitaldira hurreratu zirenek.
Muga proiektuak Iparraldeko eta Hegoaldeko mugan egindako argazkiak biltzen ditu. Arruabarrenak azaldu zuenez, lan horrek pare bat ardatz ditu oinarri, alde batetik, Orson Wellesen figura eta Pays Basque dokumentala, eta bestetik, argazkilariak berak mugan zehar egindako bidaia. “1955ean etorri zen Welles Euskal Herrira eta dokumental bi egin zituen Pays Basque eta beste bat pelotarena. Ikaragarrizko sinpatiagaz egiten zuen berba euskaldunei buruz. Gauza harrigarri asko esaten zituen. Beretzat Euskal Herria lurrari, tradizioari oso lotuta dagoen leku bat da, eta hori ikusten da pelikulan bertan”.
Arruabarrena Baztanari buruzko argazkiak egiten hasi zen, bai paisaia bai eta pertsonak eta ohiturak eta berezitasunak fotografiatzen. “Hango bitxikeria batzuk eta Agoteen gauzak ere interesatzen zitzaizkidan, garai batean arrazatzat hartzen zen talde sozial baztertu horren kontuak”. Baina, iritziz aldatu zuen. “Baztanera sarritan joaten nintzen eta hango berriketaldietan askotan agertzen zen Iparraldeko jendeagaz zeukaten harremana, kontrabandoak… eta, momentu baten, iruditu zitzaidan interesgarriagoa zela mugaren gaia hartzea eta Baztan baztertzea”.
Muga proiektuan badagoela zer edo zelako hari bat argitu zuen: “badago ordena bat guztiagaz jabetzeko. Ez dauka azalpen horren zuzenik, baina batzuetan nahikoa da sentsazio bategaz geratzea”. Ardatz nagusiari beste gai mordo bat gehitu dio Comete sarea edo Pirinioetan zehar dagoen bunker sarea, uso ehiza ere aipatzen du bai eta kontrabandoa ere.
Txabola bat, Bidasoa ibaia, elur gaineko irudiak, bunkerrak, II. Mundu Gerrako oroigarria… aurkituko ditu ikusleak Arretxinagako ermitan dauden argazkietan. Gogoetara eramaten duten argazkiak dira; iluntasuna, kontrabandoa, negua, gaua edota ihesa irudikatzen dute. Izan ere, nahiko filosofia errealistagaz lanean hasi bazen ere, pixkanaka argazkiak subjektiboagoak izaten joan direla aitortu zuen argazkilariak. “Gauzak ez daude horren argi; sujerentziara jo nuen”.
Muga fisikoa barik emozionala adierazi du lan horren bitartez. Zatitutako komunitate bat dagoela adieraztea izan da bere asmoa, komunitate bat bitan erdibituta.
Muga argazki erakusketa irailaren 27ra arte egongo da ikusgai Arretxinagako ermitaren ohiko ordutegian: 09:00etatik 20:00etara.