Ispasterko gimnasioa zabalik dago berriro, "osasun neurri bereziekin"
Aurretiaz hitzordua hartu behar da, eta aldi berean gehienez bi erabiltzaile egon ahal dira. Itxita egon den epeari dagokion zenbatekoa itzuliko zaie bazkideei.
COVID-19agatik martxoaren 15etik itxita egon da gimnasioa, eta gaur [irailak 15] zabaldu dute, osasun neurri bereziekin.
Gimnasiora joateko derrigorrez aurretiaz ordua hartu behar dute erabiltzaileek (garbitasunerako ezarritako orduetan ezin izango da gimnasioa erabili), eta bi pertsonako aforo mugatua ezarri dute. Ordua hartzeko erabiliko duten plataforman alta eman die udalak erabiltzaileei. Horiek udaletxetik pasatu behar dira giltza aktibatzera. Zalantzaren bat edukiz gero, ispaterkoudala@gmail.com helbide elektronikora idazteko esan dute.
Sartu aurretik ate ondoan dagoen hidrogelarekin eskuak garbitu behar dituzte, eta baita makinak ere, erabili aurretik zein ondoren. Uneoro pertsonen arteko distantzia zaintzeko ahalegina egiteko eskatu dute udal arduradunek.
Itxita egon den epeari (martxoaren 15etik irailaren 15era) dagokion urteko kuotaren zenbatekoa itzuliko die erabailtzaileei udalak, irailaren amaieran.
Aparteko neurri horiek ontzat hartzen ez dituzten urteko bazkideek baja emateko aukera daukate, urriaren 1a baino lehen. “Baja eman ezik, urte bukaera arte kobratuko zaie gimnasioko matrikula”.