Mikel Lertxundiren eskulturak, 23. Bosteko erakusketan
Erakusketa ibiltaria Getxoko Romo kultur etxean dago orain ikusgai, hilaren 28ra arte. Lertxundiren lanak Javier Landeras argazkilariaren argazkiekin eta Laura San Juanen margolanekin batera daude ikusgai.
23. Bosteko erakusketa ibiltaria aurkeztu dute. Oraingoan, ekimen ibiltariak japoniako shakkei kontzeptua erakusten du, eta Begirada dibergenteak: shakkei ukitu bat izenburupean, Mikel Lertxundi artista berriatuarraren eskulturak jarri dituzte ikusgai, Javier Landeras argazkilariaren argazkiekin eta Laura San Juanen margolanekin batera. Erakusketak, beste behin ere, arte garaikide herritarrengana hurreratzea du helburu, ospe handia duten artisten lanak erakutsiz.
Erakusketaren ibilbidea. Erakusketa Getxoko Romo kultur etxean egongo da ikusgai hilaren 28ra arte. Gero Basauriko Arizko dorretxera lekualdatuko dute, irailaren 30etik urriaren 24ra. Hirugarren geralekua Zelaietako (Amorebieta-Etxano) erakusketa aretoa izango da, urriaren 26tik azaroaren 14ra. Azken bi geldialdiak Leioako Kultur Leioa erakusketa aretoan (azaroaren 17tik abenduaren 6ra) eta Arrigorriagako erakusketa aretoan (abenduaren 10etik 30era) egingo ditu.
Erakusketak Lentxundiren, Landerasen eta San Juanen lanek sortzaile horietako bakoitzaren ikuspegi dibergentetik abiatuta shakkei edo mailegatutako paisaia kontzeptu japoniarraren inguruko berrirakurketa bat aurkezten du. “Shakkei kontzeptuak ondoren lorategi bat diseinatzeko espazio zehatz baten mugaketa aipatzen du. Proiektu hau ere era horretan aurkezten da. Izan ere, sormen lanen multzoa Bosteko erakusketa antolatzen duten bost zentroen espazio fisikora mugatzen da, eta piezak espazio jakin baten arabera artikulatzen dira, ikusmenaren eta gogoetaren arteko erlazioan funtziona dezaten, eta, aldi berean, ikuslea lorategi japoniar batean bezala sentitzeko”.
Zehaztu dutenez, erakusketarako aukeratu dituzten Lertxundiren piezek ekialdeko kulturekiko urrunagoko begirada erakusten dute. “Aldi berean, baina, estetika horretara hurbiltzea lortzen dute harrian, egurrean eta burdinan oinarrituta baldintza formalaren eta erakutsitako materialen antolaketaren bidez”. Diotenez, horrek japoniar lorategietan erabiltzen diren material eraikitzaile eta osagarrietako batzuen inguruko simulazio-jokoa errazten du.