Sindikatuen arabera, %65eko jarraipena eduki du hezkuntzako grebak
Lea-Artibai eta Mutrikun, institutuetan egon da jarraipenik baxuena. Markina-Xemeingo Berakruzen eta Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolan ez dute grebarik egin. Jarraipenagatik balorazio ona egin dute sindikatuek. Jaurlaritzak parte hartze baxuagoa zenbatu du: %45ekoa.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langileak egon dira grebara deituta. Sindikatu guztiek egin dute deia elkarrekin —ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT—, eta haien kontaketen arabera, deitutakoen %65ek parte hartu dute. Manifestazioak egin dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta hezkuntzako langileek ez ezik, ikasle eta guraso talde batzuek ere parte hartu dute. Eusko Jaurlaritzak parte hartzeari buruzko datu apalagoa eman du: %45ekoa, eskolen erdiaren datuak jasota.
Lea-Artibai eta Mutrikun, ondokoa izan da jarraipena:
- Markina-Xemein:
- Bekobenta eskolako irakasle, hezitzaile, sukaldari eta begiraleen gehiengoak bat egin du grebagaz, hori dela eta gutxieneko zerbitzuak eduki dituzte.
- Markina BHI: Irakasleen %17ak egin du bat greba deialdiagaz eta jantokiko sukaldariak ere greba egin dute. Ikasleek eskolak izan dituzte, baina jantokiko zerbitzurik ez da egon.
- Berakruz Ikastolak ez du grebarik egin.
- Lea Artibai Ikastetxean ez dute grebarik egin.
- Lekeitio:
- Lekeitioko Eskolan greba egiten ari da gehiengoa, eta gutxieneko zerbitzuak dituzte.
- Lekeitioko Azkue Ikastolan gehiengoak bat egin du grebagaz, eta gutxieneko zerbitzuak dituzte.
- Iturriotz institutuan (erantzunaren faltan).
- Etxebarria: Irakasleen gehiengoak egin du greba, eta gutxieneko zerbitzuak dituzte.
- Berriatua: Irakasleen %60k bat egin du grebagaz, eta ez dute garraio eta jantoki zerbitzurik eduki. Ikasleen %10 joan da goizean eskolara, eta arratsaldean, %1.
- Aulestiko Urregarai eskola: ikaslerik ez da joan, eta eskolan dauden 9 irakasleetatik 7k egin dute greba; 2 irakasle egon dira gutxiengo zerbitzuak eskaintzen (%78ko jarraipena).
- Ondarroa:
-
Zubi Zahar Herri Ikastola: Aldarrikapenekin bat egin badute ere, ez dute grebarik egin, greba bat deitzeko momenturik egokiena ez dela iritzita. Eskolak normaltasunez eman badituzte ere, 12:30ean elkarretaratzea egin dute ikastolaren kanpoan.
-
Zaldupe eskola publikoa: Grebak jarraipen txikia izan du ikastetxean. Zuzendaritzatik igorritako datuen arabera, irakasle gutxik bat egin dute grebagaz; %20ak baino gutxiagok. Ikasleen gehiengoak, ostera, grebagaz bat egin du.
-
Ondarroa BHI: Grebak jarraipen txikia eduki du. Zentroak emandako datuen arabera, irakasleen %16-17ak egin du bat grebagaz.
-
- Munitibar: 8 irakasle daude eskolan, eta hiruk bat egin dute grebagaz.
- Mutriku: Galbaixo jairik ospatzen ari ez badira ere, eskolak eta ikastolak hiru egun jai dituzte.
Irati Tobar LABeko ordezkariak grebaren balorazio ona egin du: «jarraipen oso zabala» izan du, haren esanetan. Tobarrek nabarmendu du aldarrikapen «oso zehatzak» dituztela: ratioak jaistea eta langile gehiago kontratatzea, besteak beste.
Atzo argitaratu zuen Eusko Jaurlaritzak gaurko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko agindua, eta aurrekoetan baino handiagoak dira. Grebara atxikitako ikastetxe edo eraikin bakoitzean pertsona hauek egon beharko dute: zuzendaritzako kide batek, mendekoen kidegoko langile batek goizean, eta beste batek arratsaldean, eta COVID-19aren koordinatzaileak.
Gainera, «babesa eta segurtasuna bermatzeko», etapa bakoitzeko irakasle batek joan beharko du ikastetxera, eta, haur eskoletan, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, etapa bakoitzean matrikulatutako ehun ikasleko bi irakasle gehiago jarriko dituzte etapako. 200 ikasletik gora direnean, beste bi, eta horrela jokatuko dute ehun ikasle gehiago dauden bakoitzean. Hezkuntza bereziko eskoletan eta hezkuntza bereziko gela egonkorretan, gutxieneko zerbitzuak %75ekoak dira.
Ikastetxeetan eskaintzen diren beste zerbitzuei dagokienez, garbiketako langileen %100 bertaratzea «ezinbestekoa» izango da, Jaurlaritzak argitaratu duen arauaren arabera. Jantoki zerbitzua ere bermatuta egongo da. Horretarako, gutxieneko zerbitzu hauek ezarri dituzte: sukaldeko langileen %10; begirale bat 2 urteko bederatzi jankideko; begirale bat 3 urteko hamabost jankideko; begiraleen %10 4 eta 5 urteko umeentzat; eta behar bereziak dituztenentzat, «elikadura beharrak asetzeko» behar den gutxieneko begirale kopurua.
Sindikatuak kexu agertu dira gutxieneko zerbitzuak areagotzearekin: «greba eskubidearen urraketa larri bat» dela uste dute, eta ohar batean azpimarratu dute aztertzen ari direla gutxieneko zerbitzuen agindua epaitegietara eramatea.
«Gobernuak bat egiten du hezkuntza komunitatearen ezinegonarekin». Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak aitortu du grebak «erantzun zabala» izan duela, eta ulerbera azaldu da hezkuntza komunitatearen «kezkarekin eta ezinegonarekin». Nabarmendu du hezkuntza komunitate osoak lehentasun gisa hartzen duela aurrez aurreko hezkuntzarekin, eta Jaurlairtzak ere horixe duela helburu. Hortaz, ohartarazi du «komunitate zentzua» izan beharko dela, eta elkarrekin lan egin beharko dutela familiek, irakasleek eta administrazioak.