Amorotarrek egunotan erosi beharko dituzte ‘Bizi dantza’ ikuskizunerako sarrerak
Aforoa mugatuta egongo denez, sarrerak erosterakoan amorotarrek lehentasuna edukitzea erabaki dute. Sarrerak irailak 17an, 18an eta 21ean hartu behar dira, udaletxean, 08:30etik 14:30era.
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Bizi dantza ikuskizuna eskainiko dute urriaren 2an [barikua], 19:00etan, Amorotoko frontoian. Emanaldira joan nahi duten amorotarrek aldez aurretik hartu behar dituzte sarrerak bihar, etzi eta astelehenean [irailak 17, 18 eta 21], udaletxean, 08:30etik 14:30era.
Sarrerak 7 eurotan jarri dituzte, eta 0-2 urte bitarteko umeak doan sartu ahalko dira, “beti ere helduen altzoetan edo besoetan edo euren aulkietan egongo badira”.
Amorotoko Kultura Taldeak eta udalak elkarlanean antolatu dute, eta aforoa mugatuta egongo denez, lehenengo sarrerak herritarrei bakarrik saltzea erabaki dute. Segurtasun distantziak gordeta, gehienez 186 pertsona sartu ahalko dira frontoian. Herritarrek sarrerak erosteko egunak pasa eta gero sarrera gehiago soberan geratuko balira, gainerako herrietako bizilagunek irailaren 22tik 25era erosi ahalko dituzte, Amorotoko udaletxean baita ere.
Ikuskizuna segurtasun osoz egin ahal izateko neurri batzuk zehaztu dituzte, eta sarrerak erosten dituzten herritarrei neurriak jasotzen diren orria emango diete. “Guretzat erronka bat da; pandemia egoera hau daukagunetik lehenengo aldiz antolatzen dugu horrelako emanaldi bat. Ikuskizunera doazenek arduratsu jokatzea eskatzen dugu. Hemendik aurrera ere kultura bizirik mantentzen ahalegintzea da gure asmoa, eta hori modu seguruan egitea”, azaldu dute antolatzaileek.