Euskaraldian parte hartzeko argibideak emango dizkiete Lekeitioko entitateei
Batzarra eguenean [irailak 17] izango da, eta uztaileko talde argazkian batutakoak deitu dituzte.
Euskaltzaleen Topaguneak Euskaraldian parte hartzeko argibideak emango dizkie Lekeitioko entitateei. Horretarako, Lekeitioko Euskara Zerbitzuak batzarra deitu du, bihar [irailak 17], 19:00etan, Kultur Etxeko Azkue aretoan. Era berean, beste bi gai hauek ere izango dituzte mahai gainean: Ariguneen dinamika eta entitateetan egin beharreko urratsak. Aurreratu dutenez, interesatuek proposamena aztertu eta parte hartuko duten erabaki behar dute, Ariguneak identifikatu eta izena eman irailaren 27a baino lehen, Euskaraldiaren webgunean sartuta. “Irailaren amaieran, pertsonen izen-ematea martxan jartzen denean, entitateko lankideek edo taldekideek izena emango dute ahobizi edo belarriprest gisa”, argitu du Lekeitioko Udalak.
Biharko saiorako sarrera mugatua izango da. Izan ere, uztaileko talde argazkiko parte hartzaileak batuko dira, hau da, ekimenagaz bat egiteko asmoa agertu zutenak. COVID-19ak eragindako segurtasun neurriak betetzeko, entitate bakoitzeko ordezkari bakarra agertzea eskatu dute.