Markina-Xemeingo kiroldegiko rokodromoa zabaldu dute
Txanda bakoitzean gehienez bi pertsona ibili ahalko dira. Ordu puntuetan sartu eta irten beharko da.
Apurka-apurka zabaltzen ari dira Atxondo kiroldegiko zerbitzu guztiak, erabiltzaileak kirol-jarduerara pixkanaka itzultzea ahalbidetuz. Igerilekua eta gimnasioa zabalik daude, eta astelehenean [irailak 14] zabaldu zuten rokodromoa. Beste zerbitzuetan bezala, COVID pandemiaren aurrean erabiltzaileen osasuna bermatzeko neurri bereziak egongo dira, eta beraz, erabiltzaile kopurua mugatua izango da.
Txanda bakoitzean gehienez bi pertsona ibili ahalko dira batera, familia berekoak direnean, baina, gehiago izan daitezke. Bestalde, rokodromoa erabili ahal izateko, erabiltzaile bakoitzak bere magnesio likidoa eraman beharko dutela azpimarratu dute Atxondo kiroldegikoek. Izan ere, eskaladarako eskaintzen duen laguntzagaz gainera, bakteria eta birusen aurkako ahalmen desinfektatzaile handia daukala ikusi dute, alkohol-kontzentrazio handia duelako, eta azalerak desinfektatzen laguntzen du. Hori dela eta, erabiltzaileak babestuta egoteko derrigorrezkoa izango da bere erabilera.
Beste zerbitzuak bezala, egunean behin erabili daitezke instalazioak, ordubete gehienez eta ordu puntuetan sartu eta irten beharko da. 15:00etatik 16:00etara kiroldegia itxita egongo da garbiketa eta desinfekzioa egiteko.
Beste zerbitzuei dagokionez, igerileku handian 12 igerilari aritu ahal dira batera gehienez, kale bakoitzean bi. Igerileku txikian, berriz, lau ume egon daitezke gehienez, gurasoek lagunduta. Gimnasioan, ostera, 15 lagun elkartu ahal dira gehienez.