Markina-Xemeingo Udalak euskara ikasleentzako dirulaguntzen deialdia zabaldu du
Eskaria egiteko epea irailaren 21etik urriaren 9ra bitartekoa izango da. Eskaerak udaletxeko Arreta Zerbitzuan aurkeztu behar dira.
Markina-Xemeinen erroldatuta dauden eta 2019-2020 ikasturtean HABEk homologatutako euskaltegiren batean euskara ikastaroa egin dutenak lagunduko ditu Markina-Xemeingo Udalak. Dirulaguntzetarako eskaria egiteko epea irailaren 21etik urriaren 9ra bitartekoa izango da, biak barne.
Eskaerak udaletxeko Arreta Zerbitzuan aurkeztu behar dira, 08:15 etik 14:30era arteko ordutegian. Interesdunek behar bezala beteta aurkeztu beharko dituzte diru-laguntzaren eskabidea eta eskatutako dokumentazioa.
Udal araudiaren arabera, ikasle guztiek izango dute diru-laguntzen onuradun izateko eskubidea, ondorengo baldintzak betez gero: Alde batetik, ikastaro osoko asistentzia % 80 edo altuagoa izan beharko dute, eta bestetik, ikasturte edo ikastaroan ezin izan dute baja eman. Hori dela eta, aprobetxamendua islatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute, dagokion ikasguneko arduradunak sinatua.
Urteko diru sarrera eta ikasketa mailaren arabera, laguntza desberdinak emango ditu udalak. Matrikularen %100 eta %10 artean jaso ahalko dute, bakoitzaren baldintzen arabera.
Markina-Xemeingo Udalaren webgunean eskuratu daiteke eskaera orria eta deialdia.