Umeen parkea zabaltzea erabaki du Munitibarko Udalak
Gaur zabaldu dute, eta egunero desinfektatuko dute. Gehienez hamar pertsona egon ahal dira aldiberean.
COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko beharrezko prebentzio-neurriei buruzko Osasun sailaren 2020ko abuztuaren 19ko agindua zelan bete aztertu ostean, Munitibarko Udalak umeen parkea berriro zabaltzea erabaki du, eta gaurtik bertan jolastu ahalko dute.
Parkea egunero desinfektatuko dute, eta segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko bete beharreko baldintzak zehaztu dituzte. Parkera sartu aurretik eskuak garbitu beharko dituzte, gehienez hamar pertsona (ume zein zaintzaile) egon ahal dira aldiberean, eta 6 urtetik aurrerakoek maskara ipinita eduki behar dute momentuoro. “Baldintza hauek betetzea parkea erabiltzen dutenen ardura da”.