Ur kontsumoa murrizteko neurriak hartu dituzte Lea-Artibaiko udal batzuek
Ur Partzuergoak ondoko herrietako udalei eskatu die neurriak hartzeko: Markina-Xemein, Etxebarria, Aulesti, Munitibar eta Ziortza-Bolibar. 7.000 bat herritarrei ere inplikatzeko eta erantzukizunez jokatzeko eskatu die, eta eremu pribatuan edateko ura zentzuz erabiltzeko.
Artibai ibaiko hornidura iturri nagusiaren ur maila baxua dela eta, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak ur kontsumoa mugatzea gomendatu du Lea-Artibaiko bost udalerritan. “Uda honetako euri falta eta azken egunotako bero bolada direla eta, ibaia alerta mailan dago”. Zehazki, Markina-Xemeingo, Etxebarriko, Aulestiko, Munitibarko eta Ziortza-Bolibarko udalei kontsumoa murrizteko neurriak hartzeko eskatu die.
Udalei honako jarduerak debekatzeko eskatu die: igerilekuak betetzea edo ura berriztea, ibilgailuak eta patioak garbitzea edo plaza txikiak eta antzeko espazio pribatuak garbitzea. Udalerri horietan bizi diren 7.000 bat herritarrei ere inplikatzeko eta erantzukizunez jokatzeko eskatu die, eta eremu pribatuan edateko ura zentzuz erabiltzeko eskatu dute. Lehorteari aurre egiteko neurri horiek guztiak hartzea beharrezkoa dela gogorarazi dute, “neurri gogorragoak hartu eta ur hornidura ez eteteko”.
Markina-Xemeingo Udalak, esaterako, eguaztenean [irailak 16] ondoko neurriak hartuko zituela iragarri zuen: sare publikora lotutako herriko iturriak aldi baterako ixtea, parkeak eta lorategiak ez ureztatzea, kaleak derrigorra baino ez denean ureztatzea eta eraikin eta zerbitzu publiko batzuetan uraren giltza zarratzea. Eta herritarrei ura baliabide “mugatua” dela ohartarazi zien. “Ura zaindu, kontrolatu eta neurrian erabili behar da beti, baina are gehiago bizi dugun lehorte larrian”. Horren aurrean, udalak esan du ezingo dela herriko ura erabili etxeko igerilekuak betetzeko, ortu eta lorategiak ureztatzeko edota autoak garbitzeko.
Erakundeko iturriek agertu dutenez, azken hilabeteotan hainbat doikuntza egin dituzte sareen ustiapenean. “Eskualdea berezko baliabideez hornitzen da eta ibaibide txikien menpe egon da historikoki. Ez dago ura biltzeko urtegirik ere eta euririk gabeko aldi baten ostean, ur maila asko aldatzen da”. Besteak beste, ur bilketak egokitu, ihesguneak murriztu eta iruzurrezko hartuneak kendu dituzte. Era berean, eskualdeko hornidura osatzeko hartune berriak bilatzeko lanak egiten dabiltzala jakitera eman dute. “Berriatuko zundaketaren lanak hasi berri dira, eta Ibazetako zundaketako (Markina-Xemein) duela bi hilabete hasi zituzten”. Lan horiei esker, epe ertainera baliabide gehiago edukitzea espero du erakundeak.