Gipuzkoako hondartzetara iaz baino jende gehiago joan da aurten
Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako balorazioren arabera, iazko datuekin alderatuta %90eko hazkundea erregistratu da aurten lurraldeko hondartzetan. Azpimarratu dutenez, Mutrikuko Saturraran hondartza da gorakada hori erregistratu duen hondartzetako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak esan du aurtengo hondartza denboraldian iazkoan baino jende gehiago zenbatu dela. “Nabarmen hazi dira afluentzia eta okupazio handiko egunak. Iazkoarekin alderatuta, afluentzia %90,17 igo da (751.045etik 1.428.273ra)”. Besteak beste, Mutrikuko Saturraranen eta Debako Santiago hondartzetan erregistratutako hazkundea azpimarratu dute foru erakundeko ordezkariek. “Igoera hori, neurri handi batean, COVID-19ari aurre egiteko protokolo neurri gisa proposatu ziren hondartzetako gehieneko egonaldiari buruzko gomendioei zor zaie, pertsonen errotazio handiagoa ahalbidetu baitute”. Gorakada horren beste arrazoi bat eguraldia izan dela esan dute. “Iazko udako klimatologia ez zen aurtengoa bezain ona izan”.
Oro har, erabiltzaile aldetik aurtengo udako hilabeteetan lurraldeko hondartzek “okupazio maila altua” eduki dute dutela esan dute. “Jende gehien arratsaldeetan batu da. Dena dela, goizeko datuetan ere antzeko balioak erregistratu dira”. Datuetatik ondorioztatu dute aurtengo udan okupazio ereduak zabaldu egin direla, eta balioak eguneko tarte zabalagoan eman direla.
Hondartzen inguruko informazioa zabaltzeko, aldundiak Nik Hondartzak aplikazioa garatu zuen herritarrek hondartzetako aforoa zer nolakoa zen jakiteko. Aplikazioak 47.555 deskarga eduki dituela esan dute. Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak adierazi duenez, Nik Hondartzak aforoen kontrolerako tresnak “hareatzen erabilera eta gozamena bateragarri egitea ahalbidetu du, COVID-19 pandemiaren errealitate berriak eskatzen dituen protokoloekin”.
Hondakinak. 2020ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean, 539.184 kilo hondakin jaso dira Gipuzkoako hondartzetan, hau da, 2019an baino %8,84 gehiago. “Igoera horren arrazoietako bat da Deba eta Mutriku arteko errepideko obrak amaitu eta gero, Mutrikuko Ondarbeltz hondartzan garbiketa sakon bat egin zela.
Uda denboraldian (ekainaren 1etik irailaren 15era) iaz baino % 7,37 hondakin gehiago jaso zirela esan dute; aurten 214.054 kilo hondakin jaso dira, eta iaz 199.369 kilo. Beraz, ondorioztatu dute aurten hondakin gehiago sortu direla hondartzetan. Hazkunde hori ez dela lurraldeko hareatza guztietan erregistratu esan dute. “Hiru udalerritan gertatu da: Deba (+ %132,31), Mutriku (+ %87,31) eta Hondarribia (+ %79,04)”. Gainerako hareatzetan batutako hondakin kopurua jaitsi egin da: Orio (- %40,31), Zarautz (- %21,83), Zumaia (- %14,85) eta Getaria (- %10,82).