Ana Urkiza ondarrutarra, Eusko Ikaskuntzako lehendakari berria
Erakundearen historiaren 102 urteetan kargua hartu duen lehen emakumea da. Urkizak adierazi duenez, "ilusioz eta erantzukizunez" hartzen du bere gain eginkizun berria.
Eusko Ikaskuntzak Batzar Orokorra egin zuen zapatuan [irailak 19], eta bertan lehendakari berria eta Kontseilu Errektoreko kideak hautatu zituzten hitzordura bertaratutako bazkideek. Bozketa egin ostean, erakundearen Batzar Nagusiak Ana Urkiza Ibaibarriaga ondarrutarra aukeratu du lehendakari. Erakundearen historiaren 102 urteetan kargua hartu duen zortzigarren lehendakaria da, eta lehen emakumea. Kargu berria Bankoako Barne Komunikazio eta Formakuntza Departamentuetako Zuzendaritzan eta erakundearen Euskara Planaren arduradun modura dituen zereginekin bateratuko du.
Zapatuko aukeraketaren ostean, honela geratu da Eusko Ikaskuntzaren Kontseilu Errektorearen osaketa: Ana Urkiza (Lehendakaria), Anjeles Iztueta eta Asier Etxenike (Arabako kontseilukideak), Juan Luis Moragues eta Zelai Nikolas (Bizkaiko kontseilukideak), Xabier Alkorta eta Manu Olariaga (Gipuzkoako kontseilukideak), Mikel Aranburu eta Isabel Elizalde (Nafarroako kontseilukideak), Eguzki Urteaga (Ipar Euskal Herriko kontseilukidea), Josune Etxaniz (lantaldea profesionalaren ordezkaria) eta Iñaki Zabaleta (idazkaria).
Bozketaren emaitzak ezagutzera eman ondoren, lehendakari berriak jasotako konfiantza eskertu zuen, eta kargua utzi berri duen Iñaki Dorronsoro lehendakari ohiak mendeurreneko kongresuaren amaieran erabili zituen hitz berberak aipatuz eman nahi izan zion ongietorria etapa berriari: “Eusko Ikaskuntza hemen dago, sortu eta 100 urtera, ideiekin eta proposamenekin, Euskal Herriaren zerbitzura lan egiten jarraitzeko gogoz… ezagutza sortuz, gure egungo erronkak ulertzeko eta erantzunak emateko”.
Lehendakari berriak adierazi duenez, “ilusioz eta erantzukizunez” hartzen du bere gain eginkizun berria; “talde lanean oinarrituta, askotariko ezagutzak eta iritziz batuz, eta hainbat ikuspuntu, esperientzia eta sentsibilitate kontuan hartuta”. Gaineratu duenez, erronka berriari aurre egiteko gogoz dago. “Niretzako Eusko Ikaskuntzaren lehendakari kargua hartzea erantzukizun eta kezka handi bat da, horrek suposatzen duen guztiarekin”.