Iñaki Errastik 'Antiguako Ama' entrenatzen jarraituko du
Klubak eta gizonezkoen nagusi mailako entrenatzaileak eta arraunlariak beste urtebetez luzatu dute akordioa.
Liga amaitu ostean, Ondarroa Arraun Elkartea datorren urteko traineru denboraldiko lehen harriak jartzen hasi da. Elkarteak jakitera eman duenez, Iñaki Errasti gizonezkoen nagusi mailako entrenatzaileagaz eta arraunlariagaz duten akordioa berritu dute. “Eskerrik asko Iñaki urte eder hauengatik; beste horrenbesterako izan dadin espero dugu”. Entrenatzaile aginagarrak beste urtebetez luzatu du kontratua.
Errastik hiru denboraldi egin ditu lehen taldea entrenatzen; 2018tik darama Antiguako Ama entrenatzen, Jon Iriondo ondarrutarrak ardura laga zuenetik, hain zuzen. Orduz geroztik, taldeak bi zortzigarren postu eta bederatzigarren bat lortu ditu Eusko Label Ligako sailkapen nagusian. Iaz, gainera, Kontxarako sailkatzea ere lortu zuten.