Pentsiodunek asteroko protestei ekin diete berriro
Udako etenaldia egin ostean, plazak hartzera bueltatu dira Lea-Artibai eta Mutrikuko pentsiodunak. Ikasturte berria hasi bada ere, aurreko hilabeteetako eskariek bere horretan jarraitzen dutela azpimarratu dute.
Udako etenaldia egin ostean, plazak hartzera bueltatu dira Lea-Artibai eta Mutrikuko pentsiodunak. Ondarroa eta Mutrikuko pentsiodunek, esaterako, asteroko elkarretaratzeei gaur [irailak 21] eman diete hasiera. Dozenaka herritar batu dira “pentsio duinak” aldarrikatzeko egin dituzten elkarretaratzeetan. 215 lagun inguruk egin dute Ondarroako Pentsionistak Martxan elkarteko kideek egindako deialdiagaz, eta pankartaren atzean batu direnek bizimodu “duinago” bat nahi dutela aldarrikatu dute.
Protesta azken asteoetako gertaeren errepasoa egiten hasi dute.”Azken asteotan elkarretaratzerik egin ez bada, mugimendua ez da gelditu”. Egin beharretako bat Lehendakariagaz batzea izango dela iragarri dute, eta hori lortu arte atea jotzen jarraituko dutela esan dute. “Bi urte baino gehiago elkarretaratzeak egiten bagaude ere, ez dute gure mugimenduagaz batu nahi izan. Bien bitartean, alderdi guztiekin berbetan jarraituko dugu. Banan-banan batuko gara pentsatzen dugunaren berri emateko eta gure eskaerak zeintzuk diren azaltzeko”.
Ikasturte berria hasi bada ere, aurreko hilabeteetako eskariek bere horretan jarraitzen dutela azpimarratu dute. 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko orduan, esaterako, agintariek borondatea falta dutela salatu dute. “Badago dirua, baina gu pertsona modura bizitzeko ez dago dirurik. Zelan banatu dirua dago koxka. Orain, gainera, konabirusa ipintzen dute aitzakia modura”. Hori dela eta, garbi dute “borrokan tinko” jarraitu beharko dutela. “Kalean indarra egiten jarraituko dugu; ez bakarrik guregatik, baizik eta gure seme alabengatik ere”.
Datorren astelehenean berriro batzeko erabakia hartu dute. Ohi modura, 12:00etan ipini dute hitzordua. Urriaren 1ean, bestalde, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna izango dela ere iragarri dute. “Aurreko astelehenean edo hurrengoan horregaz lotutako elkarretaratze eta ekimen bereziak egingo ditugu”. Bide beretik, asteroko elkarretaratzeez gain, eskualde mailan hilean edo bi hilean behin zerbait berezia egiteko asmoa dutela ere aurreratu dute.