Pertsona bat atxilotu dute Ondarroan, okindegi batean lapurtzen saiatzeagatik
23 urteko emakumea gaur goizean epailearen aurrera eraman dute. Ertzaintzak lapurretan parte hartzen ari ziren beste bi lagunak atxilotzeko ahaleginetan jarraitzen du.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, domeka [irailak 20] goizean “aurrekari judizial ugari” dituen 23 urteko emakume bat atxilotu zuten Ondarroan, okindegi batean lapurtzen saiatzeagatik. Zehaztu dutenez, emakumea gaur [irailak 21] goizean epailearen aurrera eraman dute.
Segurtasun Sailaren iturrien arabera, 05:00ak aldera okindegiko langileak lanera sartu zirenean ustez atearen goiko aldeko leihotik sartu zen emakumearekin topo egin, eta gertaeraren berri eman zuten. Ertzainen patruila adierazitako lekura ailegatu zenean, dena “hankaz gora zegoela” eta hainbat txanpon lurrean zabalduta zeudela egiaztatu zuten agenteek.
Saltokiko bi langilek ustez lapurretan ari zen emakumea atxikituta zuten, eta ertzainei azaldu zietenez, establezimenduko diru kutxa kanpoan zain zeuden beste bi gizonezkori pasatzeko ahaleginetan harrapatu zuten. “Diru kutxa kanpora ateratzeko saiakera atearen goiko leihotik egin nahi zuten. Kanpoan zeuden bi lagunek emakumea harrapatuta zegoela ikustean, kristalezko atea kolpatu zuten hura apurtu eta barruan zegoen kideari irtetzen laguntzeko asmoz, baina etsi eta ihesari eman zioten”. Ertzaintzak gertaera ikertzen jarraitzen du, eta lapurretan parte hartzen ari ziren beste bi lagunak atxilotzeko ahaleginetan jarraitzen dutela azpimarratu dute.