Urriaren 3an Tontorramendira igotzeko deia egin du Sare Ondarruk
Sareren ardatz nagusien berri eman, eta urriaren 3an, Izan Bidea dinamika barruan, Tontorramendira igotzeko deia egin dute.
Sare Ondarruk eskuartean dituen asmoen berri eman zuen aurreko astean Kofradia Zaharrean egindako aurkezpenean. Sareren ardatz nagusien berri ere eman zuten, eta tartean, preso eta iheslarien etxeratze bidean antolatutako Izan Bidea dinamika ezagutzera eman zuten. Besteak beste, urriaren 3an Euskal Herriko 650 tontor igotzeko deia eginda dago. Herri bakoitzak tontor batera igotzeko konpromisoa hartu du, eta ondarrutarren kasuan, Tontorramendira igotzeko deia egin dute. 10:30ean Alamedatik irten eta 12:00etan batuko dira tontorrean. Azaroaren amaieran, ostera, Izan Bidea asteburua ere antolatuko dute herrian.
Ia urtebete daramate ekintzak antolatzen, baina herriko eragileen aurrean orain erabaki dute aurkezpena egitea. Herriko hainbat kirol edo kultur taldeetako ordezkariek eta alderdi politikoetako kideek parte hartu zuten aurkezpenean, eta “halako erantzun ona edukitzea pozgarria” dela nabarmendu zuten.