Artedramaren taupada hotsak Aulesti betetzen ari dira egunotan
Astelehenean hasi eta zapatuan amaituko da aurtengo Artedrama. Bariku eta zapatuko emanaldietarako sarrerak baino ez direla geratzen jakinarazi dute antolatzaileek.

Aulestiko Udal aretoa jendez lepo dago egunotan. Atx Teatroaren Tomiris antzezlanagaz hasi zen Artedrama astelehenean, eta atzo Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren Matriuskaren txanda izan zen. Gaur Urruna antzerki-performance apurtzailea ikusteko egongo da, Udal aretoan.
Bihar Iruzubi Lasaigunera joango dira, Tartean Teatroaren Tabernariagaz gozatzera. Barikuan eta zapatuan, berriz, frontoian batuko dira sortzaileak eta publikoa. Etzi Ez dok hiru (Tartean Teatroa) eskainiko dute, eta zapatuan Zaldi urdina (Artedrama, Axut eta Dejabu).
Frontoiko bi emanaldiak 22:00etan hasiko dira eta sarrerak udaletxean hartu behar dira, 5 eurotan. Hain zuzen, bi emanaldietarako sarrerak baino ez dira geratzen, besteetarakoak agortuta daudela jakitera eman dute antolatzaileek.